Artxiboak hilabeteka: Abendua 2010

Nabigatu euskaraz

Webgune honetan, eskuinetara ikusten dena, errealitate areagotuan ;-)

Badira urteak nabigatzailea euskaraz erabiltzen dudala beti. Agian horregatik ez dut gaur arte deskubritu NABIGATU EUSKARAZ hori. Baina Chromium probatzen eta NABIGATU EUSKARAZ mezua zabaldu zait.

Neuk ere kontua sustatzeko, sinatzeaz gain, hortxe, eskuinetara, webgune honen bilatzailearen azpian lerro ñimiño hori ezarri dut.

Zer ikas dezaketen britaniarrek PISA txostena ikusita

Egin klik irudian kontzeptu-mapa ikusteko

Iturria: Josu Sierra

2011tik aurrera ezin izango da tabernetan erre

Tabakoaren aurkako legedi berria ezarriko da datorren urtean. Europako beste herrialde batzuetan lehenago probatu dira neurri horiek. Tabako kontsumoa murriztu egiten omen dute neurriok. Irlandan hainbat taberna itxi dituztela ere diote. Ostalaritzako langile batzuk alde batetik pozik, bere osasunaren aldeko neurria delako eta beste aldetik kezkaturik, negozioarentzat neurri arriskutsua izan daitekeelako…

Zuk zer uste duzu?

Argazkia FLICKR-etik; (cc) by HAMED MASOUMI

Linguae Vasconum Primitiae

Inprenta aurrerapen handia izan zen eta internet parekoa.

Inprentak utzi digun euskal alerik zaharrena internet berriarekin ikusteko aukera ezagutu dut SUSAlit@armiarma.com banaketari esker.

Faksimila ikusi nahi baduzu, egin klik irudian:

Susakoen testuak honelaxe zioen:

Frantziako Liburutegi Nazionalaren Gallica Liburutegi Digitalak Bernard Etxepareren Linguae Vasconum primitiae liburuaren faksimilea eman zuen sarean 2010eko azaroaren 9an. François Morpain-en Bordeleko inprimategian 1545ean argitaratutako ale baten erreprodukziorik onena duzu, irakurtzeko bi moldetan eskainia: tamaina handiko iruditan alde batetik eta bestetik liburu simulazioa eginik.

Aseok

Sagar mailatu lizunduaren antzera zegoela ospitalean, hil aurretxoan, Marcuse maisu iraultzaileak zera esan zion Habermas-i: “Ikusten? Orain badakit non oinarritzen diren gure balio-judiziorik funtsezkoenak: errukian, besteen minagatik nozitzen dugun sentimenduan, alegia”. Aseok tasun hori ote dugun mirrinegi.

Joseba AZKARRAGA ETXAGIBEL, Berandu baino lehen, Alberdania. 2009.

 

Gregorio Allegri – Miserere mei, Deus

Thomas Tallis – If Ye Love Me

OpenOffice-tik ePub calibre erabili gabe

Kasualitatez trikimailutxo bat ikasi berri dut testu formatu bihurketak egiteko. Calibre erabili gabe, zuzenean OpenOfficerekin.

1. Deskargatu writer2ePub.oxt fitxategia hemendik, (azpian berdez Get It jartzen duen koadrotxoan egin klik).

2. Zabaldu OpenOffice-ko Writer edo Word Processor, hau da OpenOffice-ko testu prozesadorea.

3. Egin klik goiko barrako Tresnak > Hedapenen kudeatzailea > Gehitu …

4. Zabaldu zure writer2ePub.oxt fitxategia. Deskargak karpetan-edo izango duzu. Deskargatu berri duzun tokian egongo da.

Hemendik aurrera, OpenOffice-ko testu prozesadorea erabiltzerakoan aukera gehiago izango dituzu testua gordetzerakoan, orain ePub formatua ere esku-eskura daukazu. Egin klik lehen ePub ikurrean, e berde karratu horretan, eta formatu horrekin fitxategi berria sortuko da testua zegoen lehen karpetan bertan. i urdina daukan ikurra erabil dezakezu metadatuak gehitzeko, egilea, izenburua eta abar. p gorri horrek preference adierazten du. Erabiltzaile arruntek nekez izango du horren beharrik.

OpenOffice-rako gehigarria: writer2ePub

(Blog honetan bertan ePub formatua eta calibre hori aipatzen ziren 2010eko abuztuan).

Neguko solstizioko oporraldia badator: Aleluia!

Tatoeba

Duela gutxi entzun nion Jordi Adell irakasleari ikastetxeetako irakasle guztiok ikasturtero, gutxienez egindako ekitaldi baten berri eman beharko genukeela sarean. Argitaletxeen zain egon beharrean, irakasle bakoitzak ikasturtero berak ikasgelan proposatutako ekintza baten berri interneten emango balu, urte gutxitan milaka horrelakoak egongo lirateke… Material didaktikoak lortzeko internet da lekurik hoberena…

Nik uste dut nire bost xentimoak urtero ordaintzen ditudala. Hara, beste bost:

Tatoeba. Aurten euskara ikasten hasi berri-berriak diren ikasleekin lan egitea suertatu zait bigarren hezkuntzan.

Zer ikasi atzerrian zaudenean hizkuntza exotiko eta gutxiagotu bati buruz? (A ereduan, ez gauza handiegirik, astean hiruzpalau ordu eta kitto).

Bururatu zaizkidan proposamenetatik, hona bakar bat ekarriko dut, Adell-i jarraiki…

Ikasle bakoitzari erabilgarrien iruditzen zaizkion euskal ehun esaldi batzeko eskatzea bururatu zitzaidan. Horretarako Opentrad eta Google Translate erabiltzeko aholkatu nien. (Erabiltzen irakatsi nien). Sistema automatiko horiek oso txukunak ere ez direla ikusi eta ikasteko aukera eman nien. (Nire ikasle batzuk elebidun edo eleanitz ziren hona etorri baino lehen, beraz hori erraz ikus dezakete haien kabuz).

Ikasle saiatuenak hortxe ibili dira ehun esaldien bilduma egiten, askotan ordenagailuak bikoteka partekatuz, dena esan behar… Hasieran txintxo-txintxo eta gero tranpatiago, elkarri esaldiak kopiatzen ibili ziren. (Ikasle bakoitzak orrialde bana dauka koaderno digital batean, wikispaces euskarriko wiki batean).

Kontuari bigarren buelta emateko Tatoeba erabili dugu. Ikasleek lehenago bere koadernoan kopiatutako esaldiak orain sarera igo behar dituzte. Gero ezagutzen dituzten beste hizkuntzetara itzultzen dituzte…

Pantaila-argazkian gaur Xiao Yan-ek egindako ekarpena:

Tatoeba web2.0 zerbitzua da. Doanekoa. Hasieran izena eman behar da, erabiltzaile izen bat aukeratu, pasahitza hautatu eta e-posta helbide bat eman. Gero, erabiltzaile izena eta pasahitza gogoratuz, dena oso xinplea da. (Duela hilabete batzuk euskaratu bagenuen ere, oraindik ez dute euskal interfazea liberatu).

Kontu hauekin oraindik koxka bat estuago nahi izanez gero, ikasleek hautatutako esaldirik erabilgarrienak grabatu eta on-line eskegi daitezke, euskaltuben, esate baterako.

Elkarrizketa gida bat ere prestatzen has gintezke.