Artxiboa gaika: Software librea

Kapitalismoa – Kooperatibismoa – Software librea

Argentinatik:

LibreOffice doitzeko trikimailutxoa

Duela gutxi konturatu nintzen blog honetan gehien irakurri izan den mezua OpenOffice doitzeko trikimailutxoa dela. OpenOffice hori historiara igarotzeko bidean dagoenez, mezu haren hurrengo bertsioa prestatzea otu zait.

Gure ikastetxe publikoetan benetan Software Librea erabiltzeko aukera izango bagenu, –ez ia kudeatzaile baimenik gabeko daukagun bi bertsio ordezko horiek—, (zergatik irakasleen eta ikaslee Ubuntu bertsioa ez da bat eta berbera guztientzat?)… ikasleei eta lankideei LibreOffice deskargatzeko eta instalatzeko esango nieke.

Deskargatu – LibreOffice basque

Baina ikastetxeetan nekez instala daiteke software pakete bat, librea izan zein pribatiboa izan.

Etxean, ordea, erraz deskargatzen dira hainbat software pakete. Ubunturen software-zentrotik edo Synaptic erabiliz, esate baterako.

Niri letra-tipoak, besteak beste, deskargatzea asko gustatzen zait. Norberak bere zoroak. Horra Synaptc irekita egindako pantaila-argazki bat:

Synaptic erabiltzen letra-tipoak deskargatu eta instalatzeko

Baina egia esan behar. Hainbat letra-tipo deskargatu eta gero, azkenean, beti bizpahiru letra-tipo besterik ez ditut erabiltzen.

Egun batean, Alfios letra-tipoa gustukoa nuela iruditu zitzaidan eta handik aurrera, buelta gehiegirik eman gabe, beti Alfios 15 ezartzen dut nire lehenetsitako txantiloian; Lerroen artean 1,5  ezarri ohi dut eta bi aldeetako justifikazioa. Lehen lerroko koxka ere lehenetsita uzten dut, hasierako paragrafoetan kentzeko ohitura badut ere.

Baina goazen harira, LibreOffice dokumentu berri bat zabaltzen duzunean zeure gustuko txantiloia ager dadin, egin behar duzuna, guxi gorabehera hauxe da:

  1. Menu-barran, Bulegoa > LibreOffice Writer aplikazioa ireki.
  2. Dokumentu berri batean, utzi gehien gustatzen zaizkizun, eta lehenetsita utziko dituzun, parametroak. Esaterako, letra-tipo jakin bat, orrialde zenbakitxoa (Formatua > Orrialdea > Orri-oina; eta gero Txertatu > Eremuak > Orrialde-zenbakia) eta lehenetsita utzi gehien erabiltzen duzun hizkuntza. (Hizkuntza paketeak nola instalatu, norbaitek galdetuz gero, hurrengo mezu batean).
  3. Menu-barran Fitxategia > Txantiloia > Gorde (Ezarri iezaiozu izena oraintxe gordeko duzun txantiloiari. Izena honelakoa izan daiteke: “Liberation-Serif 12 – eu – orri-oin zenbakitxoekin”.) Nire goiko pantaila-argakian ikusten den legez, nik txantiloiari Alfios 15 deitu diot.
  4. Menu barran berriro ere Fitxategia > txantiloia > Antolatu (orain bakarrik falta zaizu topatzea txantiloia lehenetsita bezala ezartzeko aukera). Begiratu eskuinean behean.
  5. Eta itxi leihatilatxoa. Hurrengoan, LibreOffice-n sartzen zarenean orain lehenetsitako txantiloia topatuko duzu. (Txantiloi asko presta daitezke, jakina, eta batetik bestera igaro).

Ubuntu eskola publikoan

Esaten dute blogak egitea protesta egiteko beste sistema bat besterik ez dela. Eta egia esan, ikastetxeetan dauzkagun informatika sistemaren kontra koplak botatzen ibili gara noiz edo noiz.

Dena den, noiz edo noiz gauzak hoberantz doazela ere adierazi behar, publikoki. Olentzerori eskatu eta gure Olentzero fin ibili zen. DBH-1 ikasle guztientzat ordenagailu eramangarri bana ekarri zizkigun ikazkinak eta irakasleontzat ere beste eramangarri batzuk. Primeran!

Lehen, gurean, ikasgela batzuen erdi-erdian ordenagailu + proiektore sistemak zeuden tokian orain proiektorea eraman dute eta ikasgelako bazter batean arbela digitala utzi digute. Mila euro arbela ukitzeko aukera izateko. Lehen ordenagailu egonkor bat, bere armairuan, zegoen tokian orain irakasleok  eramangarria igo behar dugu, kableak konektatu, eta hori guztia…

Ordenagailuak urtarriletik hona hortxe egon dira armairu ikusgarri batzuetan, bateriak kargatzen. Ez dugu egonarri eskasekoak izan behar; badirudi, laster, martxoan bertan agi denez, ikasleek gailu berriak estreinatzeko aukera izango dutela azkenik.

Bestalde, irakasleok ordubeteko trebakuntza saioa izan dugu. Nahikoa eta soberan, gure gaitasunak ezagututa, bai arbela digitalak erabiltzen hasteko, bai Win-7 eta bai Ubuntu 10.04 eta Ubuntu 11.04 erabiltzen jakiteko. Ubuntu, gainera, lau hizkuntzatan erabiltzeko aukerarekin instalatu egin digute. Bai ondo! Mila esker!!!

Oraindik ere, baina,  problematxoak dauzkagu Juniper Networks izeneko firewall edo su-heziarekin.  Nabigatzen ari zarela behin eta berriro zabalduko zaizu zorioneko leihatilatxoa:

Gaztelania orbangabe batean adieraziko zaizu hasieran nekez ulertuko duzun zerbait baina gero guztiok ikasi dugu leihatilatxoko kutxatilak nola bete eta nola egin aurrera. [Ikastetxeko edozein erabiltzaile izen eta pasahitzekin, aurrera].

Pantaila hori igaro eta nabigatzea libre.

Problema. Nabigatzen ari zara eta bat-batean konexioa galdu duzula antzematen duzu. “Ikertzen” hasi eta hortxe duzu berriro ere Juniper Networks hori erabiltzaile izena eta pasahitza eskatzen.

Bidaltzear zenuen mezua, gordetzear zenuen idazlana, auskalo non eta nola geratu zaizun.

Amorrua sortzen du Juniper horrek erabiltzaileon artea. Gainera, ematen zuen Ubuntu-pean oraindik ere gehiagotan jotzen zuela adarra.

Ubuntuzale batzuk ikasi dugu Juniper horren ondorio txarrei izkin egiteko trikimailutxoa:

  1. Zabaldu terminala (hamaikagarren bertsioan goi-goian, ezkerreko ikurrean, egin klik eta idatzi kutxatilean “terminala”; hamargarren bertsioan: Aplikazioak/Gehigarriak/Terminala).
  2. Idatzi terminalean, besterik gabe: ping google.com (ez “sudo” eta ez beste ezer).
  3. Ikusi nola terminalean behin eta berriro seinalea bidali egiten da google etxeko helbide batera. Etengabeko seinale-bidalketa horri esker ez zaigu Juniper Networks su-hesiaren zorioneko leihatilatxoa berriro zabalduko.

Trikimailu hori nahikoa omen da Juniper Network horrek behin eta berriro gure konexioa ez mozteko.

Aspaldi honetan, niri behintzat, dagoeneko ez zait zorioneko leihatilatxoa zabaltzen. Ez dakit ping horri esker ote den ala baten batek, goitik, konponketa ona egin ote duen. Azken hau bada, mila esker dagokionari.

Bienvenido a Juniper Networks, (gogoz kontra ekarri bazaitugu ere).

Urte berri on!

Hamaika ikusteko jaio ginen urte zahar hura pasatu zen azkenik eta Fraideen dozenak hamahiru dituela diosku atsotitzak baina oinezkoen dozenak hamahiru arrautza baino, hamalau zerga ekarriko dizkigun susmoa daukagu.

Hirugarren milurtekoaren bigarren hamarkada aurrera doa…

Dendetan apaingarri gutxiago, kaleetan argi gutxiago, telebistan ordu gehiago eta lapur gehiago, langileek ez dute grebarik egingo langabezian egongo direlako, ile-apaindegian oparirik ez, etxean orraztuko garelako, Kutxetan egutegiak mesedez, otoi eta arren eskatu beharko, eta hipotekaren luzamendua bide batez… Azkenik eskulangintzako egutegiekin moldatu beharko gara eta batzuk hipotekarik gabe eta etxerik gabe geratuko… Enfin.

Norbaitek bere hozkailu hutsean, imanekin, edo gelako kortxoan, txintxetekin, eskegitzeko moduko egutegia nahi badu, horra opari: Librezale 2012 egutegia (Scribd) Librezale 2012 egutegia ( SlideShare).

CC - by Esther17 via Flickr

Olentzerori gutuna

Olentzero maitea. Aurten nahiko txintxo ibili naiz. Irakaskuntza publikoan dabiltzan irakasle gehienak bezain txintxo.  Soldata murriztapenei kasurik ez eta beti bezain gogotsu lan eta lan ibili gara. Beraz, aurten, urtero eskatzen dizudan berbera eskatuko dizut berriro ere. Ahaztu ikatza behingoz, ikazkin jauna, eta ea aurtengoan informatika sistema berria oparitzen diguzun ikastetxerako.

  • Hamar urte baino gazteagoa den Harvard, hardwarekin konformatuko gara.
  • Software libre eta euskaldun merkea besterik ez dugu behar. Programa libreak doan eta azkar instalatzeko aukera eta guzti. Instalazio berriak gure esku. (Kokoteraino gaude Adobe Flash Player bat instalatzeko Pentagonoari baimena eskatu behar izateaz).
  • Ez dugu antibirusik nahi. Are gutxiago gure zergen kontu.  Gure sistema zaharra nahikoa astiro dabil antibirusik gabe ere.
  • Ez dugu software pribatiborik nahi. Are gutxiago gure zergen kontu.
  • Ez dugu Juniper Odyssey Access Client bezalako matrakarik gehiago jasan nahi. Gu aztoratzeko propio sortutako programa dela uste dugu eta.
  • Guretzat nahi ez duguna, ikasleentzat ere ez.

Gure eskaera, oraingoan bai, kontuan hartuko duzulakoan,

Agur t’erdi.

, via Wikimedia Commons

By Georges.khaznadar copyleft, Public Domain

Software librea hezkuntzan

Gutxi gara eskoletan zein software mota erabiltzen den kontuarekin kezkatzen garenok. Jantokietan McDonalds-en bazka merke-merke eskainiko[1] balute jende gehiago kezkatuko litzateke.


http://eu.wikipedia.org/wiki/Software_librea_hezkuntzan

Software librea azkarragoa omen da pizten eta itzaltzen. Seguruagoa. Merkeagoa. Errazagoa. Politagoa. Azkarrago berriztatzen da, eguneratzen da. Euskaldunagoa da, merkeagoa, kalitate hobekoa, libreagoa…





Jende asko kezkatuko litzateke ikastetxeetan enpresa erraldoi baten bazka merkea besterik banatuko ez balute. Software pribatu garestia banatzen bada, ordea, aurrera.

Software Libre. Atzeraka goaz?

Aurrera baino atzera goazela ematen du askotan.

Anekdota:

Gaur, gure lantokiko ordenagailuetan (bigarren hezkuntzako ikastetxe publiko bat),  filtro berri bat agertu da.  Barkatu Ibon, irazki berri bat esan nahi nuen. Hortxe ibili gara irakasle batzuk interneten ezin sartuz. (Askotan legez).

Gaurko arazoa berria eta larria zirudien:

Kontuari hamaika buelta eman eta gero, pantaila igarotzea lortu dugu: “JUPITER NETWORKS. Bienvenido al Infranet Controller! No navegue fuera de esta página o perderá el acceso a los recursos restringidos”. (sic). Besterik ez. Mezu laburra bezain misteriotsua guretzat guztiontzat.

Bienvenido? Baina nik ez nuen hona etorri nahi!!!

Azkenean, guztion denboraren bi ordu galdu eta gero, teknikari bat eskatu eta bidali digute Metropolitik. Metropolitik gertu gaudenez azkar etorri zaigu teknikaria. Eskerrak.

Kontua nahiko erraz konpondu omen du:  Odyssey izeneko programa bat instalatu behar zen ordenagailu guzti-guztietan. Intalazio hori gure kontu, jakina, irakasle batzuk eta atezaina, bedela, hortxe ibili dira Windows XP (gazt.) + Panda  (1) gure sistemetan  Odyssey delako hori txertatzen.

Dakizuenez orain institutuetan ez dago Premia programarik, ez dago informatika arduradunik. Lehen irakasle bati astean pare bat ordu-edo ematen zizkioten ordenagailuetan konponketa errazenak egiteko, orain ez.

Krisia.

Problemak daudenean Jaurlaritzak azpikontratatutako enpresa bati deitu  behar eta formateatu eta Windows XP “berria” instalatzea izaten da ohiko ekintza. Gaztelaniaz, jakina. Euskaraz nahi izanez gero aurretik eskaera “berezi” hori idatziz ondo adieraztea gogoratu behar, bestela jai. (Gure idazkariari euskararena “ahaztu” izan zaio askotan).

Gero Adober Reader, Flash eta horrelako gehigarriak nahi izanez gero, zure kontu edo bedelari eskatu. Bestela ezin izango duzu, esaterako, pdf-rik ikusi.

Nik neuk eskura dauzkadan ordenagailuak liberatzen ditut: Linux instalatzen dut. Ez zait edozein tontakeriatarako administrazio-baimenak eskatzen ibiltzea gustatzen… Nori eskatu ez badago Premia arduradunik. Zuzendaritzakoek, horrelako kontuekin ibiltzea baino zeregin urgenteagoak izaten dituzte. Bedela lanez gainezka eta kontu horiekin kokoteraino dagoeneko… Linuxekin hobeto konpontzen gara batzuk.

Baina gaur jarri diguten filtro berria dela eta, nik neuk ere enpresakoei deitu beharko nieke. Ea Odyssey hori Linuxerako ote dagoen galdetu beharko. Edo nola demontre kendu filtroa Odyssey.exe hori gabe edo horri esker edo auskalo. (Enpresakoek ez daukate harremanetarako telefonorik. E-posta mezua bidali behar zaie. Gaztelaniaz. Ikastetxeko idazkariak egin behar, ez diote edozein irakasle moxolori arreta egingo).

Enpresakoek argi adierazi izan dute beti, haiek ez dutela Linux duen ordenagailuan laguntzarik emango… Eskola 2.0-ko eramangarriekin bai, baina Bigarren Hezkuntzan dauden gailuetan ez.  Norbaitek Linux instalatu nahi badu, bere kontu.

Orain arte nahiko ondo moldatu izan naiz 2001. urteko ordenagailuetan Ubuntu bertsio zaharrak erabiliz, Karmic-eta. Azken bertsioek agian memoria RAM gehiegi behar baina bertsio unattended zaharrekin ondo.

Baina gaurko filtro berri horrekin denbora gehiago galaraziko didate, hori ziur.

P.S. Windows XP daukaten ordenagailu guztietan Oddyssey delako pakete berria instalatu eta gero, gure institutuan oraindik ere iragazi madarikatu hori hortxe.

PS. bis. Bihar erreklamazio orri dozena pare bat eskatuko dut Hezkuntza Ordezkaritzan aurten izan ditudan informatika problemak labur biltzeko eta Premia zaharraren bertsio berri eta hobetua eskatzeko. Ez bihar berandu da. Oraintxe bertan noa!

(1) Bide batez, Panda instalatuta ere, Windows-eko Firewallak, suhesiak, birus eta troiarrak dauzkagula adierazten digu maiz! Eta askotan ordenagailuak saneatu behar. Formateatu eta Windows XP berria berriro.

Babelium Project (Juanan Pereira)



Interesgarri iruditu zaidan proiektua. Hobeto ezagutu nahi.

Cosas de palacio

Eusko Jaurlaritza – Gobierno Vascon lanean dabilen lagun bati esker, jakin dut, orain, 2011. urtean, langile batzuei inprimakia bidali dietela “goitik” software pribatiboa euskaraz ere instalatzeko eskaintzarekin.

Software libre eta euskaldun instalatzeko aukerari buruz, hitz erditxorik ere ez. Ezin da administrazio publikoan horrelakorik erabili. Horrela baieztatu zidan, aurreko batean, mini-haf edo ez-dakit-zer berrabiaraztera etorri zitzaigun Jaurlaritzak azpi-kontratatutako informatika alorreko langile batek.

las cosas de palasio van despasio

Klik irudian eta duela hiru urteko artikulua modernoegi geratzen dela ikusiko

Informatikaz ezer gutxi dakit, hizkuntza irakasle xume bat besterik ez naiz eta, baina gogoan daukat Windows XP duela urte dezente ezabatu nuela etxeko ordenagailu zaharretik, lehenengo zaharregi geratu zitzaidalako eta azkenik software librera pasatu nintzelako. Handik aurrera hobeto ibili naiz software libre eta euskaldunarekin.

Nire ikasleek ere gorroto dute Windows XP (ikastetxe ia guztietan gaztelania hutsean, bide batez). Ikasle guztiek aldaera modernoagoak dauzkate etxeko gailuetan eta batzuk smart-telefonoetan ere bai. Google Chrome Windows XP-en ezin dela instalatu entzun diot gaur bertan ikasle bati, beste bati barrezka, software jurasikoan oraindik dabilela-eta esaka. Nire inguruan dauden gailuetan Ubuntu 10.10 instalatu dut, aurretik desfragmentaziorik egin gabe eta batzuetan disko gogor osoa hartuta, ze letxe. Duela hamaika urte erositako hardware pairatu behar badugu ere, software librearekin, dena euskaraz daukagu eta irakaslearen pasahitza sartuz gero, behar dugun softwarea instalatzen dugu inprimakirik bete gabe. (Sentitzen dut, azpi-kontratako lagun hori ;-)   )

Udaberriarekin batera Firefox 4

Iritsi da Mozilla Firefox 4, nabigatzaile ezagunaren aldaera berria. Erabiltzaile arruntok ez dugu agian epe laburrean hobekuntza gehiegi antzemango baina adituei sinesten diet: aurretik ere, ziur aski, nabigatzailerik onena zen Firefox hori hobetu dute.

Eta Julen Ruiz Librezalearen eskutik, euskaraz ere esku-eskura daukagu.

Bejoindigula!

(Gustatu zait deskargen abiada erakusten duen gune hau).

Egin klik irudian