Artxiboa laburpen hitzeka: hezkuntza

Ubuntu eskola publikoan

Esaten dute blogak egitea protesta egiteko beste sistema bat besterik ez dela. Eta egia esan, ikastetxeetan dauzkagun informatika sistemaren kontra koplak botatzen ibili gara noiz edo noiz.

Dena den, noiz edo noiz gauzak hoberantz doazela ere adierazi behar, publikoki. Olentzerori eskatu eta gure Olentzero fin ibili zen. DBH-1 ikasle guztientzat ordenagailu eramangarri bana ekarri zizkigun ikazkinak eta irakasleontzat ere beste eramangarri batzuk. Primeran!

Lehen, gurean, ikasgela batzuen erdi-erdian ordenagailu + proiektore sistemak zeuden tokian orain proiektorea eraman dute eta ikasgelako bazter batean arbela digitala utzi digute. Mila euro arbela ukitzeko aukera izateko. Lehen ordenagailu egonkor bat, bere armairuan, zegoen tokian orain irakasleok  eramangarria igo behar dugu, kableak konektatu, eta hori guztia…

Flickr Pablog61; Pablo García; http://www.flickr.com/photos/pablog61/5495939289/

Ordenagailuak urtarriletik hona hortxe egon dira armairu ikusgarri batzuetan, bateriak kargatzen. Ez dugu egonarri eskasekoak izan behar; badirudi, laster, martxoan bertan agi denez, ikasleek gailu berriak estreinatzeko aukera izango dutela azkenik.

Bestalde, irakasleok ordubeteko trebakuntza saioa izan dugu. Nahikoa eta soberan, gure gaitasunak ezagututa, bai arbela digitalak erabiltzen hasteko, bai Win-7 eta bai Ubuntu 10.04 eta Ubuntu 11.04 erabiltzen jakiteko. Ubuntu, gainera, lau hizkuntzatan erabiltzeko aukerarekin instalatu egin digute. Bai ondo! Mila esker!!!

Oraindik ere, baina,  problematxoak dauzkagu Juniper Networks izeneko firewall edo su-heziarekin.  Nabigatzen ari zarela behin eta berriro zabalduko zaizu zorioneko leihatilatxoa:

Gaztelania orbangabe batean adieraziko zaizu hasieran nekez ulertuko duzun zerbait baina gero guztiok ikasi dugu leihatilatxoko kutxatilak nola bete eta nola egin aurrera. [Ikastetxeko edozein erabiltzaile izen eta pasahitzekin, aurrera].

Pantaila hori igaro eta nabigatzea libre.

Problema. Nabigatzen ari zara eta bat-batean konexioa galdu duzula antzematen duzu. “Ikertzen” hasi eta hortxe duzu berriro ere Juniper Networks hori erabiltzaile izena eta pasahitza eskatzen.

Bidaltzear zenuen mezua, gordetzear zenuen idazlana, auskalo non eta nola geratu zaizun.

Amorrua sortzen du Juniper horrek erabiltzaileon artea. Gainera, ematen zuen Ubuntu-pean oraindik ere gehiagotan jotzen zuela adarra.

Ubuntuzale batzuk ikasi dugu Juniper horren ondorio txarrei izkin egiteko trikimailutxoa:

  1. Zabaldu terminala (hamaikagarren bertsioan goi-goian, ezkerreko ikurrean, egin klik eta idatzi kutxatilean “terminala”; hamargarren bertsioan: Aplikazioak/Gehigarriak/Terminala).
  2. Idatzi terminalean, besterik gabe: ping google.com (ez “sudo” eta ez beste ezer).
  3. Ikusi nola terminalean behin eta berriro seinalea bidali egiten da google etxeko helbide batera. Etengabeko seinale-bidalketa horri esker ez zaigu Juniper Networks su-hesiaren zorioneko leihatilatxoa berriro zabalduko.

Trikimailu hori nahikoa omen da Juniper Network horrek behin eta berriro gure konexioa ez mozteko.

Aspaldi honetan, niri behintzat, dagoeneko ez zait zorioneko leihatilatxoa zabaltzen. Ez dakit ping horri esker ote den ala baten batek, goitik, konponketa ona egin ote duen. Azken hau bada, mila esker dagokionari.

Bienvenido a Juniper Networks, (gogoz kontra ekarri bazaitugu ere).

Olentzerori gutuna

Olentzero maitea. Aurten nahiko txintxo ibili naiz. Irakaskuntza publikoan dabiltzan irakasle gehienak bezain txintxo.  Soldata murriztapenei kasurik ez eta beti bezain gogotsu lan eta lan ibili gara. Beraz, aurten, urtero eskatzen dizudan berbera eskatuko dizut berriro ere. Ahaztu ikatza behingoz, ikazkin jauna, eta ea aurtengoan informatika sistema berria oparitzen diguzun ikastetxerako.

  • Hamar urte baino gazteagoa den Harvard, hardwarekin konformatuko gara.
  • Software libre eta euskaldun merkea besterik ez dugu behar. Programa libreak doan eta azkar instalatzeko aukera eta guzti. Instalazio berriak gure esku. (Kokoteraino gaude Adobe Flash Player bat instalatzeko Pentagonoari baimena eskatu behar izateaz).
  • Ez dugu antibirusik nahi. Are gutxiago gure zergen kontu.  Gure sistema zaharra nahikoa astiro dabil antibirusik gabe ere.
  • Ez dugu software pribatiborik nahi. Are gutxiago gure zergen kontu.
  • Ez dugu Juniper Odyssey Access Client bezalako matrakarik gehiago jasan nahi. Gu aztoratzeko propio sortutako programa dela uste dugu eta.
  • Guretzat nahi ez duguna, ikasleentzat ere ez.

Gure eskaera, oraingoan bai, kontuan hartuko duzulakoan,

Agur t’erdi.

, via Wikimedia Commons

By Georges.khaznadar copyleft, Public Domain

Euskara tituluak opari

Oparia

Ikasketen %50 euskaraz eginez gero; euskara titulua opari!!!

Aspaldian ikusita geneukan berria. Hasieran iragarpena zen baina badaezpada egin ziren salaketa batzukGaurko prentsan irakurrita kontua seriotan doala ematen du.

Euskaraz egiten diren ikasketak, B eta D ereduak, bultzatzeko neurria omen da.  Eredu horietan euskara titulua ziurtatzen dela ikusita, agian, familia gehiago animatuko omen dira beren seme-alabak B eta D eredu horietan matrikulatzen. Batek daki.

Baina seme-alaba horiek euskaldun aterako dira? Orain arteko ebaluazio serioenek ezetz erakutsi dute. Baina tira, titulua, behintzat, eman egingo zaie.

Eta zer da garrantzitsuena? Ikasleak elebidun ateratzea hezkuntza sistematik ala tituludun?

Eta batez ere, zer da merkeagoa epe laburrean? Tituluak ateratzeko orain arte erabili den sistema garestia (euskaltegiak, IVAP, etab.) ala hezkuntza sistematik igaro duten guztiei eta irakasgai gehienak* gainditu dituztenei titulu bana oparitzea?

Gogoeta batzuk:

  1. Erdaldun eremuetan, mendebaldeko Euskal Herriko hiri eta herri gehienetan beraz, D ereduko ikasleek bere denboraren %15 baino gutxiago igarotzen dute euskaraz. Batez beste. (Egin kontu, 176 eskola egun bider laupabost ordu eguneko.  Hortik kanpo ezer gutxi).
  2. D ereduko ikasleen heren batek eta B ereduko ikasleen bi heren, kanpoko ebaluazioen arabera, ez zuten lortzen espero zitekeen euskara maila. A ereduan inork ez. Datu kezkagarri hauek oso ezagunak dira. Baina hortxe A eredua martxan. Eta ikasleak hezkuntza sistematik euskaldunago ateratzeko ahaleginak egin beharrean, tituluen eskakizun maila jaistea hobetsi da, agi denez.
  3. Hezkuntza sisteman izenez B eredua direnak baina izanez A ereduak direnak, bertatik bertara ezagutu ditu lerro hauek idazten dituen honek.  Izenez D eta izanez B direnak ere hortik egotea, litekeena.
  4. Ikasleen heren bati, bi hereni, euskara tituluez gain, zer gehiago oparituko zaie? Ingeles titulurik?  Eredu eleanitza indartzeko aukera ezin hobea!
  5. Gaztelaniaz jakin gabe DBH, batxiler eta gradu tituluak ere emango dira?
  6. Epe laburrean merkea dena, epe luzeagoan garesti ordaintzen da askotan. Tituluak titulu, mendebaldeko hezkuntza sistematik elebakarrak ateratzen segitzen dugu. Tamalez.
  • irakasgai gehienak* Irakasle honek ikusita dauka nola ematen zaien DBH titulua Euskara eta Literatura eta beste irakasgairen bat gainditu ez duten zenbait ikasleri. Legeak onartzen du salbuespen bezala baina, jakin badakigu, askotan salbuespena arau bilakatzen dela.

PISA txostena. Oinarriak zaindu beharko.

Pisako dorre ospetsua zaintzeko oinarrietan dago giltzarria

Oporretan ezagutu ditut azken PISA txosteneko emaitzak.  Sevillan. Espainiako eta Andaluziako zenbait hedabideen ikuspegia irakurri eta entzuteko aukera izan dut. Canal Sur, Onda Cero, ABC, El País… Interesgarria da zelan erabil daitezkeen datu batzuk bakoitzak bere astoari arre egiteko. Onda Cero-ko iritzi-emaileen arabera datuak Espainian oso txarrak eta Zapateroren politika eskasaren errua… Gaitzak hezkuntza sistema hamazazpi hezkuntza sistematan apurtu zenean hasi omen ziren, errepikatzen zuen batek… ABC-koek oso ondo konparatzen zituzten neska-mutilen arteko aldeak eta sistema publiko-pribatuen arteko aldeak. Artikulua irakurrita alaba eskola publikotik ateratzeko gogoa piztu zitzaidan. (Eta sexua aldatzearena begiratzeko).  El País-ekoek Espainiako autonomien arteko rankinga egiten zuen, batez ere. Espainiako iparralde-hegoalde aldeak azpimarratzen zituen.  Canal Surreko iritzi-emaile ofizialistak datu orok daukan errore margena azpimarratzen zuen. Andaluzian 15 urteko ikasleen % 43 errepikatu du ikasturteren bat…

Denbora beharko dut PISAko emaitzak zuzenean irakurtzeko. Axaletik ez bada ere. Are denbora gehiago datu horien gainean egindako ikerketa eta gogoeta mamitsuak ezagutzeko…  Ea gabonetan edo.

Beti bezala, gustatu zaizkit Josu Sierrak egindako laburpen + iritzi artikuluak. [0][1][2]

Mendebaldeko euskaldun bezala, ikustea OCDE datuen batez bestearen inguruan gabiltzala ez da harrotzeko modukoa. Ikusiko dugu hezkuntzak jasan dituen murrizketa ekonomikoek-eta zelako emaitzak ekartzen dituzten hemendik urte gutxitara.

Azpimarratzekoa da, nire ikuspegitik, %15ek bakarrik egitea proba horiek euskaraz. Nik ez dut oraino ikusi emaitzak bi talde horietan desglosaturik:  proba euskaraz egin zutenen (%15,5) emaitzak eta probak gaztelaniaz (%84,5) egin zutenen emaitzak. Zelako irakurtzeko gaitasuna erakutsi dute bi talde horiek? Euskal herritar euskaldunak ze moduz moldatu dira probak euskaraz eginda?

Nik susmoa daukat PISAkoek oso ondo neurtzen dutela neurtzen dutena. Pena gauza asko neurtu gabe uztea. Ze moduz bigarren, hirugarren eta laugarren hizkuntzetako gaitasunak? Zer moduz informazioa kudeatzeko gaitasuna? [eta abar]

Oraingoz, kontu horietan sakontzeko gogoa. Besterik ez.

¿Falta de respeto?

Gaur alabaren eskolan biltzarra izan dugu. OMR/OOG deialdia egina zegoen. Hiruzpalau gai zerrendan. Gabon danori euskaraz eta handik aurrera gaztelaniaz. Irakurtzen jarraitu

Nolakoa izango da irakaskuntza 2020. urtean?

Nire ikasleei eskatu diet imajinatzeko hemendik hamar bat urtetara non eta nola egongo diren. Beraien CV idazteko 2020. urtean benetan daudela imajinatuz eta lan merkatuan sartu nahi dutela.

Horrela ikasleen itxaropen akademikoak ezagutzeko bidea topatu dut.

Ariketa ez zaie batere gustatzen. Curriculum bat idaztea erraza da, eredu egoki bat bilatu, plagiatu eta listo. Sinesten dute egunen batean horrelako bat benetan idatzi beharko dutela… Baina gustatzen ez zaiena etorkizuna imajinatu behar hori. Orain ez omen daude hain txarto, familiaren babespean eta.  Etorkizunean, hor kanpoan beren zain daukaten horri ez diote itxura onik hartzen…

Gasteizko Irakasle Eskolako blog bat begiratzen egon naiz eta dana ezin baina bertan ostatu duen bideo bat ekarri dut hona:

Nola egin ePub formatuko testuak

Nola egin ePub formatuko testuak

Badirudi testuak irakurtzeko gehien hedatzen ari den formatua ePub dela, PDFrekin batera. Batzuentzat (http://www.idpf.org/ esaterako) ePub hori Open eBook-aren, liburu elektroniko librearen estandarra da, liburu elektronikoetarako gomendagarriena beraz. Liburu elektronikoen trepetak sortzen dituzten hainbat enpresa ePub euskarri horrekin ari dira dagoeneko: Stanza mahaiganarekin ibiltzen diren gailuak iPhone, iPod Touch… baita Adobe Digital Editions, Apple’s iBooks, eta tinta elektronikoarekin dabiltzan gailuak ere bai Sony Reader
Horrelako ePub testuak sortzeko badago hainbat baliabide:

Calibre - Liburu digitalak kudeatzeko 2.0 lanabes erabilgarria

1. calibre (http://calibre-ebook.com): Windows, Mac OSX eta Linuxerako lanabes librea. Hainbat formatuetatik ePub formatura bihurketak egiteko aukera ematen du. Irakurri dut Stanza mahaigainak baino hobe lortzen duela jatorrizko testuen estilo eta formatuei eustea. Lanabes hau euskaratzen ari gara. [Egileak, Kovid Goyal-ek ia beti calibre (sic) idazten du.

2. Adobe InDesign (http://www.adobe.com/products/indesign/): InDesign egile eta editoreentzako lanabes aurreratua da. Testuak ePub formatuan ere ekoizten ditu.

3. Feedbooks (http://feedbooks.com/share/): izena eman ahal duzu Feedbooks horretan eta hortxe bertan zure edukiak sortu. Eduki horiek ePub formatuan eskuragarri izango dituzu. Erraz lortuko dituzu beste formatu batzuk ere bai, PDF eta Kindle. Horretaz gain, zuk sortu eta elkarbanatu nahi dituzun liburu guztiak "Free Books by Feedbooks" atalean sartuko dira; Stanza-ren Katalogo nagusian, "User Created Books" gunean, ez duzu, beraz, liburua deskargatu behar formatu bakoitzean, banan-banan. Liburuaren formatuak online gordeta geratuko dira, beste erabiltzaileentzat eskuragarri.

4. BookGlutton API (http://www.bookglutton.com/api): HTML formatutik, ePub formatura bihurtu, online API erabiliz bihurketak egiteko.

5. ePub Tools (http://code.google.com/p/epub-tools): Lanabes bilduma bat Word, RTF, DocBook, TEI, eta FictionBook formatuetatik ePub formatuetara iristeko.

6. Adobe PDFXML (http://labs.adobe.com/technologies/mars) - Ikus Adobe's blog, Dagoeneko eginak daudenePUB fitxategietan aldaketa txikiak egiteko.

7. eScape - ePub Creator (http://www.infogridpacific.com/igp/AZARDI/eScape%20-ODT2ePub) - Open Office paketeko testu dokumentu estandarrak (ODT) >>> ePub bihurtzeko".

8. eCub (http://www.juliansmart.com/ecub) – "Erabiltzeko erraza den EPUB eta MobiPocket formatuetako liburu elektronikoak sortzeko".

9. Sigil (http://code.google.com/p/sigil/) - "Sigil plataforma anitzeko WYSIWYG ebook editorea. Zuzenean ePub formatuan editatzen du."

10. Easy EPUB (http://www.easypress.com/products/aqpep/) - Besterik gabe kargatu zure InDesign edo zure Quark testu fitxategiak, (testu luzeak). EasyEPUB horrek kopia bat egingo dizu EPUB formatuan. Bost bat minututan edo.

11. DNAML's PDF2EPUB (http://www.pdftoepub.com/) - PDF formatutik EPUB formatura bihurketa egingo dizu sei urrats errazetan. Software honen onena, goiburuak eta azpiko oharrak ere oso ondo bihurtzen dituela. Horixe izaten da problema nagusietako bat PDFtik ePUBera bihurketak egiterakoan.

12. ODFToEPub (http://www.pincette.biz/odftoepub/) - OpenOffice paketearentzako gehigarria. Zure testua ePub formatuan gordetzeko aukera emango dizu.

13. Stanza Desktop (http://stanza.lexcycle.com): Stanza bihurketak egiten lagunduko dizu hainbat formatuen artean: MS LIT, Mobipocket, Kindle, RTF, PDF, MS Word... baita ePub formatu estandarrera ere.

XHTML eta XML lengoaietan arituak eta adituak direnentzat. Esaten dute ePub fitxategia azken batean lengoaia horietan dagoen datuen bilketa handia besterik ez dela, nolabait esateko lengoaia horietan egindako datu guztiak konprimitzeko bide bat omen da ePub. Nahi izanez gero, aditu batek “eskuz” edita dezake ePub bat. Tutorial bat ingelesez: http://www.jedisaber.com/eBooks/tutorial.asp.

Iturria: artikulu honen iturri nagusia pozik aipatuko nuke. AEBko webgune batean topatutako lana itzuli dut. Webgunearen izena, konposatua, lehen zatia lex, ( bai, dura lex sed lex ospetsu hartan legez, eta bigarren zatia cycle puntu com). Jatorrizko artikulua copyright batekin babestuta dagoenez giltzarrapoa apurtu dut baina ezin harako esteka hemen utzi. (Konpartitzea delitutzat hartzen dute batzuk... eta agian harrapatuko naute).

Artikulu honen PDFa deskargatzeko hemen.

epub

ePub formatuaren logoa sortzeko lehiaketa egin zen. Hona logo irabazlea.

Testuak eskuz kopiatzen ziren garaietako musika:

Ez ohiko azterketak

Ebaluazio jarraitua egin beharko genukeen garaietan nahiko harrigarria da ekainean 3. ebaluazioko azterketak egin behar izatea eta gero, berriro, astebete beranduago,  3. ebaluazioko azterketa ez ohikoak.

Irakurtzen jarraitu

Software librea behar dugu!

Gure sistema informatikoa zaharkitua dago?

Ikasturte honetan gure ikastetxeko informatika sistema erabiltzaile bezala esperientzia txar batzuk izan ditugu.

Artikulu honen PDFa (Slideshare)

Artikulu honen PDFa (Scribd)

Irakurtzen jarraitu

Ikasblogak 2010 Barakaldo

Ikasblogak 2010 jardunaldia Barakaldoko B04 Berritzegunearen eskutik. (Logoa Josu Garrok egina).

Ikasblogak jardunaldia, aurten, Barakaldoko B04 berritzegunearen eskutik datorkigu. Blogei eta wikiei atera dakiokeen etekin pedagogikoari buruz-eta hitz egingo da. (Egia esan wikien kontua neuk gehitu dut, ez ditut wikiak hortik, axaletik begiratuta, aipaturik ikusi).

Jardunaldia Barakaldoko Clara Campoamor egoitzan izango da, ekainaren 28an, astelehenarekin.