Eusko Jaurlaritza – Gobierno Vascon lanean dabilen lagun bati esker, jakin dut, orain, 2011. urtean, langile batzuei inprimakia bidali dietela “goitik” software pribatiboa euskaraz ere instalatzeko eskaintzarekin.
Software libre eta euskaldun instalatzeko aukerari buruz, hitz erditxorik ere ez. Ezin da administrazio publikoan horrelakorik erabili. Horrela baieztatu zidan, aurreko batean, mini-haf edo ez-dakit-zer berrabiaraztera etorri zitzaigun Jaurlaritzak azpi-kontratatutako informatika alorreko langile batek.
Informatikaz ezer gutxi dakit, hizkuntza irakasle xume bat besterik ez naiz eta, baina gogoan daukat Windows XP duela urte dezente ezabatu nuela etxeko ordenagailu zaharretik, lehenengo zaharregi geratu zitzaidalako eta azkenik software librera pasatu nintzelako. Handik aurrera hobeto ibili naiz software libre eta euskaldunarekin.
Nire ikasleek ere gorroto dute Windows XP (ikastetxe ia guztietan gaztelania hutsean, bide batez). Ikasle guztiek aldaera modernoagoak dauzkate etxeko gailuetan eta batzuk smart-telefonoetan ere bai. Google Chrome Windows XP-en ezin dela instalatu entzun diot gaur bertan ikasle bati, beste bati barrezka, software jurasikoan oraindik dabilela-eta esaka. Nire inguruan dauden gailuetan Ubuntu 10.10 instalatu dut, aurretik desfragmentaziorik egin gabe eta batzuetan disko gogor osoa hartuta, ze letxe. Duela hamaika urte erositako hardware pairatu behar badugu ere, software librearekin, dena euskaraz daukagu eta irakaslearen pasahitza sartuz gero, behar dugun softwarea instalatzen dugu inprimakirik bete gabe. (Sentitzen dut, azpi-kontratako lagun hori
)



















