Monthly Archives: apirila 2010

Grândola Vila Morena

Gaur, apirilak 25,  goian dagoen izenburuko abestia igo dut Euskaltubera eta Wikipediara.

Zergatik? Zergatik pasatu da historiara abesti hori? Non?

Grândola Vila Morena

Grândola hirian, Portugaleko hegoaldean, Krabelinen Iraultza gogoratzeko eraikitako monumentua.

Egunkariaren alde ibilitakoentzat ESKERTZA

EGUNKARIA

Islandiako sumendiaren izena

Gure iturria: Karrajua, Atoan (Benito)

Gure hizkuntza zaila dela diote batzuk…

Gure hizkuntza ez da erromanikoa izango baina fonema gutxi ditu, bokalismo erraza… Izenek, adjektiboek eta ez dute generorik… Konparatuko dugu Islandiako hizkuntzarekin?

Egunotan Islandia (Iceland) irlako sumendiaren izena bolo-bolo ibili da. Kazetariek txantxak egiten zituzten ea nork ahoskatu,”Izen ahoskaezina duen sumendia” … Hau da,

Eyjafjallajökull

Bazenekiten munduko savant ospetsuenetako batek, Daniel Tammetek,  Islandiako hizkuntza telebistan elkarrizketa egiteko moduan 7 egunetan ikasi zuela?

Ea nork egiten duen aurkezpen bat Daniel Tammet horri buruz, edo sumendiez, edo Islandiaz!

Euskaldun izateagatik barkamena eskatzen dugu?

…euskaldunak bigarren mailako herritarrak gara. Euskaldun gisa nortasun krisi bat dugu, eta ikusten dut autoestimua ezin beherago dugula. Portaera aztertuta, ondorioztatzen da euskalduna otzana dela. Normalki, isildu egiten gara, elebakarrari alfonbra gorria jartzeraino: barkamena eskatzen dugu, erraztasun guztiak ematen dizkiogu, gazteleraz bestea eroso senti dadin…

Berria.info 2010-03-20 Imanol Miner elkarrizketatua   Mikel Peruarena elkarrizketatzailea.

Hau ez da iritzi artikulua elkarrizketa baizik, baina elkarrizketatuak bere iritziak agertu ditu. Zein da, kontu hauetan,  zeure iritzia?

Buruzapia

Blog honetarako baino, agian aproposagoa gaia gure beste blog honetarako… Baina guri egokitu zaigu iritzi artikuluak lantzea.

Gaur, irratian, entzun dut Madrilen berriro piztu dela polemika handia neska baten buruzapiaren inguruan. Kazetariei, nonbait, gaia gustatzen zaie. Hezkuntzari buruz guztiok gara aditu, guztiok ibili gara ikasle, eta gaia xinplea denean edo modu xinplean erabil daitekeenean, hobe.

Badirudi neska bati debekatu zitzaiola burua estalita egotea ikasgela batean. Gure kulturan ez omen da errespetuzkoa burua estalita egotea ikasgelan. Gure ikastetxean ere debekatuta dago horrela janztea ikasgelan bertan:

Gure ikastetxean ere debekatuta dago horrela janztea. Neska honi edozein irakaslek esan beharko dio kapela eranzteko. Gure arautegia zorrotza da janzkera kontuetan.

Beno, kapela ezin da ikasgelan bertan erabili, baina, nik dakidala gure ikastetxean ez zaio inori buruzapia ekartzea galarazi. Ala bai?

Zein da zeure iritzia? Kapelak eta buruzapiak onartu behar dira ikasgeletan? Zergatik? Zuk egin beharko bazenu gure ikastetxeko barneko arautegia, onartuko zenituzke buruzapiak? Kapelak? Hainbat erlijiotako ikurrak?

Debekatu beharko lirateke erlijio ikurrak ikasgeletan?

Erlijio tolerantzia ala laizismoa dira ikastetxeetako xede?

Zergatik?

(Idatzi mesedez taxuzko iritzi artikulua gure wikian edo bestela bota besterik gabe zure iritzia hortxe behean).

Edozein janzkera onartuko zenuke ikasgelan?

Bi bideo, bi

Ea norbait iruzkina idazten animatzen den…

Zer iradokitzen dizue bideo hauek?

Lehenengo bideoa Pilar Etxebarriari esker topatu dut:

Bigarrena Sustatu.comen ikusi nuen:

Invisibilización, invisibilizar.

Jakina, euskaraz erraz eman nezakeen goiko izenburua, ikusezin bihurtu, ikusezin bilakatze. Baina niri ere, askotan, ideiak burura gaztelaniaz etortzen zaizkit. Ez da hizkuntza hori, gaztelania, alferrik ene ama-hizkuntza eta. Goiko hitz horiek etorri zaizkit burura egun hauetan gure herriko kontuekin batzuetan gertatzen zaizkigunak ondo azaltzeko baliagarri iruditu zaizkidalako.

Espainiako Errege Akademiako agure zaildu bati irakurri nizkion behin feministen kontrako hamaika itsusikeria. Artikulu hura hizkuntzari buruzko lezioak emateko eta feministak iraintzeko idatzi zuen eta bapo  erabili zuen bere talentua.

Feministak barregarri uzteko asmoz  “miembros y miembras”,  “feministos y feministas” eta antzekoak  idazten zituen, behin eta berriro.  Ez dut ondo gogoratzen erabiltzen zituen argudioak baina espainolaren tradizioa zein den gogorarazten zuen eta tradizio aberats hori ez dela zertan aldatu behar aldarrikatu. Edonork ulertzen du, esate baterako, “Proyecto Hombre”, “El Hombre y la Tierra”  Gizakia Helburu, Gizakia eta lurra adierazten dutela, eta ez Gizona Helburu, Gizona eta lurra.

Baina “sasi-moderno” eta feminista batzuk, zioen bere baitan,  “El Hombre y La Tierra” bezalako egiturek emakumeen kalterako direla diote,  emakumeak ikusezin bihurtzen omen dituztelako.

Gure akademikoa ez zetorren bat inondik inora ikuspegi sasi-moderno horiekin. Edonork ikus dezake “El Hombre” horren atzetik (edo azpitik 😉 ) emakumea dagoela… Eta itsusikeria iruditzen zitzaizkion alumnos y alumnas bezalako borobilkeriak. Alumnado erabiltzea, tira, baina” los alumnos obtuvieron buenos resultados”, espainolez, espainol jatorrez, ikasleek, ikasle guztiek, neskek zein mutilek,  adierazten omen du bere ustez. Mutilek bakarrik emaitza onak lortuz gero, orduan bai, orduan zehaztu beharko zen espainolez, “los alumnos varones obtuvieron excelentes resultados, las alumnas no”.

Bukatzeko, errieta egiten zion emakumezko politikari ezagun gazte bati invisibilizar eta invisibilización bezalako neologismoak barra-barra erabiltzeagatik. Hitz horiek ez dute inongo tradiziorik espainolez eta oraingoz, gogoratzen zion, hitz horiek ez ditu Errege Akademiak ontzat hartuko

Anekdotatxoa kontatuko dizuet hementxe. Egun hauetan Wikimedia Commonsera argazkiak igotzen ibili naiz. Oporretan egiten diren tontakeria horietako bat.  Hartu ditut nire argazki digital zaharrenak, 2003. urtekoak, eta horietako batzuk, banan-banan igo ditut Wikipediako erabiltzaileek-eta doan eskura izan ditzaten. Kontua uste baino aspergarriago suertatu zait,  zeren argazkia igo eta gero argazki bakoitzari etiketak ipini behar. Behin hasita, etiketak ingelesez, euskaraz, espainolez eta batzuetan frantsesez jarri ditut. Minutu pare bat bakoitzarekin, baina argazkia asko igoz gero, denbora tontamentean xahutzeko bide segurua.

Igaro dira egun batzuk eta hara non ikusi dudan munduko hainbat laguntzailek nik jarritako etiketa batzuk ezabatu edo ordezkatu dituztela. Esate baterako, Getxoko bi hondartza ikusten zen tokian nik Beaches, Basque Country, Biscay, Getxo, Beaches in Biscay… etiketak jarri eta Austriako tipo batek Basque Country eta Beaches in Biscay arkaiko horiek ezabatu eta Beaches of Spain ezarri. Leioako Avanzadari beste batek Highways in  Spain… Ezin nien laguntzaile ezezagunei banan-banan idatzi, ez dut horrenbeste denbora libre-eta, baina izanez gero,  esaterako, esango nioke munduko beste puntako tipo horri  Leioako Avanzada bizkaitarren zergekin ordaintzen dela… Eta egunero bere zarata pairatzen duen honek eskubidea izan beharko lukeela bere etxe ondoko errepideari nahi dion etiketa jartzeko eta eskatuko nieke, oro har,  ez ezabatzeko, Basque Country, Estatua ez bada ere Herria dela, izenak berak adierazten duen legez… Baina ez dut gogorik horrelako kontuekin eta nire ingeles kaxkarrarekin borondate oneko laguntzaile ezezagunei matraka emateko. Irribarre egiten dute munduko hainbat tokitan gure txokokeriekin. Nationalism in Spain etiketa jartzen diote honelako kontuei (ez nationalisms in Spain!). Zezenketak, harri-jasotzaileak eta flamenkoa bezain bizarre, nonbait kanpotik ikusita.

Euskal Herria ikusezina da munduan? Nazionalista intolerante XIX. mendekoa nauzue Leioako errepideari Basque Country jarri niolako eta ez Spain? Zer egin beharko dugu gure herria ikusezin ez bilakatzeko?

Europe Estates Countries

Europa. Mapa politikoa. Egin klik eta beste mapa ikusezin bat ikusiko duzu. Image Wikimedia Commons by San Jose (map), Apengu (translation)

Euskara zertarako?

Argudio testuak eta iritzi testuak lantzea egokituko zaigu ikasturtearen azken txanpa honetan eta ikasleei eskatzen diedana neu ere aurretik egiten saiatuko naiz…

Euskara zertarako?

Galdera hori milaka aldiz egin didate ikasleek. Gehienetan jokoz kanpo harrapatzen naute eta ez dut batere ondo asmatzen behar bezala erantzuten. Nire soldata ordaintzeko erantzuten dut beti, bote prontoan…

Euskeraikasi bloga irakurtzen, baina, topatu ditut galderari erantzuteko zenbait argudio. Kopiatzea itsusikeria omen da. Plagiatuko dut beraz.

Euskara ikasi eta erabiltzearen aldeko argudioak

Euskarak ez du gauza handiegirik balio. Aukeran hobe ingelesa, alemaniera edo frantsesa ikastea.

Edo txinera, edo bengalia, edo hindia, edo arabiera, edo galego-portugesa… Zertarako ikasi jende gutxik hitz egiten duen hizkuntza? Zenbat eta hiztun gehiago orduan eta hizkuntza erabilgarriagoa…

Bada estralurtarrak izango bagina ba bai, baina non bizi gara. Zein da gure herrian eta inguruetan gehien irakur eta entzun daitezkeen hizkuntzak. Ingelesa,  Mandarina?

Euskarak ez du gauza handiegirik balio. Gutxiagoturiko hizkuntza da.

Bai, gurean jende guztiak daki gaztelaniaz edo frantsesez. Euskaraz, ordea, jende askok hutsaren hurrengoa. Bilboko alkate izateko, lehendakari izateko, Hipertrola Enpresako buru izateko, Athleticeko jokalari izateko, ez da euskararik behar. Euskara irakasle edo kale-garbitzaile izateko besterik ez du balio euskara. Aukeran, euskara ikastea baino, hobe sexu aldatzea eta gizon bihurtu (elebakar izanda ere goi mailako soldata dauzkatenek, gehienek, gizon).

Eta gainera euskara beti izango da gutxiagoturiko hizkuntza, azkenean desagertuko den egunera arte. Bitartean, zergatik kezkatu, errazenera joko dugu eta aurrera!

Bale, bale. Arrazoi duzue. Euskara, beraz irakasle edo kale-garbitzaile izateko puntuak egiteko ikasiko dugu. Besterik gabe.

Argudioak sortzeko alfertxoa naizenez, lehen aipaturiko blogetik kopiatuko ditut hurrengoak:

>>Madrilen edo New Yorken <ia>  inork ez zaitu ulertuko. Intimitatea hobe mantenduko duzu.   Amerikarrek II. Mundu Gerran euskara erabili zuten, Ozeano Barean, japoniarren aurka borrokan. Haien arteko mezuak euskaraz bidaltzen ziren eta euskaldunek soilik deszifratu zitzaketen, AEBentzat lanean.

>>Nire bankuko txartela, mugikorra, agiriak… lapurtzen badizkidate, hobe euskaraz egon daitezela.  Lapurrak ez du ulertuko eta izorratuko da.

>>Euskara ikastean, erdara hobeto ikasten da. Erdarako kontzeptu gramatikalak birpasatuko dituzu.

>>Euskadin hobeto hitz egiten da gaztelaniaz Andaluzian baino eta hezkuntzan,  gaztelania irakasgaian ere, emaitza hobeak ateratzen dira (nazioarteko PISA erakundearen datuen arabera).

>>Euskara kultura da. Hizkuntzak ikasten badituzu, pertsona kultoagoa izango zara.

-Euskara inposatzen ari dira:


>>Espainola da benetan inposatua dagoena eta euskara 40 urtez < nahiko> debekatua eta zapaldua izan da. <Gaur egun>, Espainiar Konstituzioak behartzen gaitu (3. artikulua) denok gaztelania jakitera. Euskadiko “estatutuak” euskara erabiltzeko eskubidea dela soilik esaten du (6. artikulua). Suposatzen da euskararen arerioek Konstituzio eta Estatutua onartzen dutela-.  Ikastera behartua badago norbait, besteen eskubidea gauzatzeko da, hain zuzen. “Ezin dut euskara erabili, zuk ez badakizu”.

Euskara ez ikasteko eskubidea aldarrikatzen dute batzuek. Eta zergatik ez aldarrikatu bide beretik gaztelania ez ikasteko eskubidea?  Ulertzekoa litzateke Madrilen gaztelania ez ikasteko eskubidea izatea? Eta Flandesen flamenkoa ez ikasteko eskubidea?

[Hizkuntza gutxiagotuak inposatzen direla salatzen da munduko zenbait tokitan. Salaketa hori ez da egoten hizkuntza normalizatuta dagoen tokietan. Normaltzat hartzen da hizkuntza batzuk ikasi behar izatea hizkuntza horiek iraganean inposatu baziren ere baina askotan ez dira onartzen hizkuntza gutxiagotuak aurrera egiteko hainbat ahalegin. Soziolinguistikan aditu bati irakurri nion behin: “normalizazioa lortu eta bukatu dira inposizio salaketak].

Euskara nire oposizioa lortzeko oztopoa da.  (Zenbait oposiziotan euskara jakitea ezinbestekoa izan da, beste batzuetan euskarari zenbait puntu eman zaizkio).

Argudioari buelta eman ahal zaio. Euskara jakiteak lagundu ahal digu administrazioan lan egiten. Euskara oztopo bezala ikusten dutenek ez dute ikasiko, aukera bezala ikusita, ordea…

  • Benetan balio duen argumentua. Azken argumentua. 😉 Euskarari esker gehiago ligatzen da. Hizkuntzak ikasteak ligatzen lagun dezake? Gure inguru hauetan ze hizkuntzak lagunduko digu gehien ligatzen? Ingelesa, frantsesa, euskara? Espainolarekin bakarrik nahikoa ligatzen duzu?

Bale, zuek eskatzen duzuen musika 😉 ere eskegiko dizuet, hona:

Musika talde bat egingo bazenu, ze hizkuntza aukeratuko zenuke. Lapurditar horiek zergatik aukeratu dute euskara eta ez frantsesa edo ingelesa?

Kukua udaberrian

Udaberria etorri zaigu eta gure herriko ohitura zahar bati buruz galdetuko dizuet.

Norteko Ferrokarrila irratsaioko 2010-03-30 eguneko saioan, 27. saioan,  kukuari buruz hitz egin zuten:

http://norteko.elhuyar.org/

kuku kukua

Ezetz asmatu zein den kukuak utzitako arrautza!

Kuku kukua

Kukua ez da erraz ikusten, baina entzutea, udaberrian, erraza da.

Kirikiño idazle bizkaitarrak kukuaren inguruan zegoen sineskeriarekin ipuin bat edo beste idatzi zuen.

Zein zen sineskeria hori?

(Erantzuna baldin badakizu, Leave a comment;  utzi iruzkina)


Olibesario – Euskal Herriko zilborra

Olibesario

Olibesario mendia. 1.236 metro. Euskal Herriko erdigunea. (Egin klik irudian).

Goñitik Dorraorantz oinez abiatuta topa daitekeen 1.236  metroko Olibesario mendia omen da Euskal Herriko erdigunea Felix Isasaren kalkuluen arabera.

Zaila omen da Euskal Herriko erdigunea zehatz eta mehatz non dagoen kalkulatzea. Petilla sartu ala ez sartu? Trebiño? TurtziozEskiula eta Aramitse sartu? Non dago,  zehatz, itsaso aldeko muga?

Bazenekien Pekin eta Sukre bezalako hirien izenak, jatorrizko hizkuntzetan,  munduko erdigunea adierazten dutela? (Koittauek ez zekiten, nonbait, munduko benetako erdigunea zein den!)