Ez ohiko azterketak

Ebaluazio jarraitua egin beharko genukeen garaietan nahiko harrigarria da ekainean 3. ebaluazioko azterketak egin behar izatea eta gero, berriro, astebete beranduago,  3. ebaluazioko azterketa ez ohikoak.

Horixe izan da gure ikastetxeko aurtengo kontsigna. Ez egin ikasturte osoko globala, 3. ebaluaziokoa baizik.

Niri ez zaizkit azterketak batere gustatzen. Ikaslea nintzen garaietan gorroto nituen azterketak, bezperetako betekadak, eta oraindik ez ditut nire gaztaroko traumak gainditu nonbait.

Baina legeak eskatzen digu, gure ofizioko gutxienekoak betetzeko, ikasturtean zehar lau aldiz gutxienez ebaluatzea. Hiru ebaluazio + ez ohiko ebaluazioa idatziz eman behar zaizkie familiei.

Lehen hiru ebaluazioetan notak jartzeko ez dut beste munduko arazorik izaten. Izan ere, hainbat ariketa egiten ditugu ikasgelan, ahoz zein idatziz. Egindako lan bakoitzari zenbakitxo bat jartzen diot nahiko arbitrarioki, lanak oraindik modu arbitrarioagoan ponderatzen ditut  eta aurrera,  Kalkulu-orri batean zenbakitxoak kopiatu eta programak berak egiten ditu batez bestekoak. Borobiltzea besterik ez zaigu geratzen.

Baina ikasle batzuk etxean aparteko orduak sartzen dituzte eta aparteko lana gehitzen diote ikasgelan egindako lanari. Aparteko orduak agian ez genituzke epaitu behar baina egin egiten dugu…

Dena esan behar, lehenengo bi ebaluazioetan xuhur ibiltzen naiz zenbakitxoak egozterakoan eta hirugarrenean eskuzabal. Banatze politikak.

Txarrena ez ohiko ebaluazioarena da. Nola ebaluatu azken unean,azken astean edo azken egunean egindako ahalegina? (askotan ikasturtea edo titulua jokoan daudenean, gainera).

Aurten problema gutxi izan ditut ebazterakoan. Ikasle gehienen problema komunikatzeko gaitasun nahikoa ez erakustea izan da, guk ezarritako minimoetara iritsi ez izana. Eta minimo-minimoak ziren, izenez B eredua den gurean eta izanez A eredu den gurean, etorri berriak ez ziren ikasleei komunikatzeko A1 maila eskatu zaie. Ikasle batzuengan dena elkartu da, motibazio gutxi beraz lanik ez, gehi ikasgelara joan direnean ere oso arreta gutxi, gehi aurreko urteetan antzera… Emaitza, tamalgarria, hainbat urtetan B eredu batean eta DBH 4 bukatzerakoan komunikatzeko gaitasunik xumeena ere ez. Astean hiru saio ez dira nahikoak izan hainbat ikaslerentzat. Ez dugu asmatu. Batzuk ez dute A1 maila lortu ezta hartzaile hutsak legez ere. Zer duzu eskuan? bezalako galderak ulertu ere ez hainbat urte B eredu batean matrikulatuta egon eta gero.

Japoniarrak izango bagina, Hara-kiri.

Aurtengoan, azken nota ebazterakoan problema bat eta bakarra izan dut kudeatu dudan D ereduko talde bakarrean. Ikasle batek ez du ikasturtean zehar ia ezer egin. Ikasgelara etorri lagunekin solas egitera (gaztelaniaz), lan egin behar zen bakoitzean ezer ez, ez bakarka, ez taldeka. Ez dugu mutila motibatzen asmatu. Ahozko aurkezpen pare bat besterik ez ditu egin eta inolako aurre-prestaketarik gabe… Entzule ibili dela esatea gehiegitxo zeren gehienetan ematen zuen euskaraz ari zenari, ikaskideari zein irakasleari, ez ziola inolako jaramonik egiten. Horrelako ikasle bati ebaluazio jarraitua egiten zaionean kalkulu orrian Ez-aurkeztua-zero horietako asko sartzen dira. Bere lanik onenak ebaluatzerakoan ere Ez-aurkeztua-zero. Elkarbizitza arazo larriak gainera.

Baina ez ohiko azterketa egin behar bazaio, zer egingo diogu bada; ahozko azterketatxoa eta idazlana eskatu. Eta horrelako batean komunikatzeko gaitasun normaltxoa erakutsi badu? Beste batzuk ikasturte osoan zehar gogor ahaleginduz lortu dutena di-da berari lortutzat eman?

Erromatar zuzenbidearen ohiko IN DUBIO PRO REO hori aplikatu beharko zaio? Ahaleginaren etika irakastea ere ez da bada gure lana?

Kontua Mintegikideen esku uztea burutu zait. Haiek jasango dute-eta datorren ikasturtean erabakiaren ondorioa, ez nik. Baina azkenean ebatzi dut.

IN DUBIO PRO REO

Epaileon begirada, miopea baino itsua irudikatu izan da klasikoen garaietatik.

Advertisements

One response to “Ez ohiko azterketak

  1. Pingback-a: Euskara salbuespen egoeran « Bihar da berandu

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s