WhatsApp

WhatsApp

WhatsApp munduan gehien erabiltzen den gizarte sarea, mezu zerbitzua omen da. Facebookeko jabeek erosi zuten egunean merkatuak WhatsApp enpresa zenbatean baloratzen zuen jakin zen: 19.000.000.000 bat dolar edo. Diru hori erabiltzaile kopuruarekin erkatzen badugu, eta sinesten badugu 500.000.000 erabiltzailek baino gehiagok partekatzen dituztela bere datuak enpresarekin… Facebookeko jabeek 40 bat dolar ordaindu zuten erabiltzaile bakoitzeko.

Betiko galderaren aurrean geratuko gara: erabiltzaile horiek zer dira? WhatsApp enpresaren bezeroak, 0,89 € urtean ordaintzeko prest dauden bezeroak, ala WhatsApp enpresaren produktua, hau da, enpresak beste enpresei saltzeko daukan lehengaia?

Urtero dolar eskas bat ordainduz gero eta hori diru iturri bakarra izango balitz, Facebookeko jabeek oso epe luzean hasiko lirateke dirua ez irabazten baizik eta berreskuratzen. Batzuk ez ote zuten gehiegi ordaindu aldarrikatu zuten, Facebookekoek, ordea, pozik eta harro agertu ziren. Merkatuko nagusitasunak, monopolioak ez esatearren, etorkizuneko ate zabalak zabalik utzi ditu.

Zenbaki batzuk

WhatsApp munduan gehien erabiltzen den gizarte sarea, mezu zerbitzua, omen da. Facebookekin batera. Espainian, esate baterako, 23 milioi pertsonetatik gora erabiltzen omen dute. Aplikazioak milioika deskarga izan ditu eta kalkulatzen da 700 milioi argazki, 100 milioi bideo eta 50.000 milioi testu-mezu partekatzen direla egunero. Ahots mezuak, oraindik ez dira hainbeste erabiltzen baina enpresak harro-harro iragarri du, laster, bideo-konferentzia doan egiteko aukera osoa emango duela. Telefono konpainietako abokatuek ez omen dakite kontu horri nola aurre egin.

Seguritatea

WhatsApp zerbitzuari egin zaion kritika nagusienetako bat seguritaterik eza da. Ez omen ditu datu pribatuak nahiko babesten. Ez omen du pribatutasuna nahikoa zaintzen. Datuak ahalik eta azkarren, ahalik eta modurik errazenean partekatzeko egin dute ahalegina eta nahita edo nahi gabe seguritate zulo zabalak utzi dituzte agerian. Software gaiztoek argizarizko giltzarrapoak besterik ez omen dituzte aurkitzen WhatsApp erasotzen saiatzen direnean. Erabiltzaileen datuak lapurtzea eskola batean klarionak lapurtzea baino errazagoa omen da.

Facebook eta WhatsApp enpresen datuak batu eta eta data multzo hori modu maltzurrean erabiliko balitz Facebook Enpresakoek, –letra larria erabiltzen hasi beharko gara Enpresa Orojakilea den heinean–, FacebookEnpresak “bezeroei” buruz beraien gurasoek baino gehiago jakingo luke.

Baina lasai egon gaitezen. Enpresa horiek bere “bezeroentzat” onena besterik ez dute nahi.

Gainera, “bezeroen” datuak ez dira beste munduko ezer, nondik ibiltzen diren, GPSaren zehaztasun osoaz, –zergatik ez?—, norekin komunikatzen diren, zein maiztasunarekin… Zeintzuk diren ezagun guztien telefono zenbakiak. Mezu pertsonalak, argazkiak, bideoak, ahots mezuak…

Algoritmo informatiko asmotsu batzuekin “bezeroen” gustuak, joera politikoak, beldurrak… asma litezke. Ala zientzia-fikzio hutsa, distopia hutsa besterik ez dira errezelo horiek?

Seguritate zuloak

WhatsApp enpresak ez omen du seguritatea beste kontu batzuen aurretik jartzen, alderantziz. Esate baterako, mezuak gogor zifratzea, gaur egungo teknologiekin, kontu nahiko xinplea omen da. Baina tira; zertarako gehiegi saiatu? Guk behintzat ez dugu horren beharrik. Gu munduko hoberenak gara. Zergatik ahalegindu beharko ginateke txikikeria horiekin. Ahalegindu daitezela lehiakideak! Guk azkar eta ondo, usoek hegaz bezala. Noiz edo noiz tiro bat botatzen badigute, zulo bat egiten badigute, errua tiroa bota duenarena ez gurea.

WhatsApp enpresak ez omen du zifratze batere gogorra egiten eta kanpotik, esate baterako GPS koordenatuen datuetaraino iristea ez omen da batere zaila. Hori nahita eragindako “ahulezia” dela diote maltzurrenek. Datu horiek egunen batean saldu direla susmatzen bada, lapurtu zirela esateko aukera ere hortxe egongo da.

Baina WhatsApp enpresari seguritate alorrean kritika gehiago ere egiten dizkiote. Ez dituela antibirus nahikoa eraginkorrak erabiltzen, phishing erasoen kontrako inolako babesik ez duela eskaintzen, etab.

Topatu diren seguritate zuloen zerrendak ez ditut hona kopiatuko. Blog batean mezu xume bat idatzi besterik ez dut nahi eta.

Pribatutasuna

WhatsApp enpresarekin, lehen urtean doan, kontratuari adostasun osoa atxikitzen diogunean, gutxik irakurriko dute baina gure datuen zaindari eta babesle izendatzen ditugu eta, gainera, gure kontaktuen telefono zenbakiak eta beste datu batzuk pasatzen dizkiegu. Gure kontaktu horien guztien baimenik gabe, dena esan behar.

Bereziki ongi zaindu beharreko datu pribatuenak, gure bideoak, gure argazkiak, gure kokapenak, ea noiz eta non konektatu garen… Ze baldintzatan zainduko dizkiguten? Ze lizentzia mota jarriko dizkiote gure horrelako datu pertsonalei? Galdera horien erantzunak kezkatzen bazaitu, hobe duzu oraintxe bertan WhatsApp desinstalatzea. Jakin behar, gure datu horiek ez ditu konpainiak erraz ezabatuko. Luuuzeerako gordeko ditu eta agian egunen batean egindako inbertsioaren ordaina lortuko dute zure datuei esker. Auskalo. Kontu horiekin kezkatzen bazara, hobe duzu, oraintxe bertan…

Eta abisatzen dute: Enpresak edozein momentutan alda ditzake kontratuaren zatiren bat edo batzuk. Aldaketen nondik norakoak ezagutzea eta onartzea, bezeroaren kontu, zure kontu. Noiz edo noiz eguneraketa berria eskainiko dizute, eta zuk, aurrera. Aurrera.

 

Alternatibak

Egon badaude. Horrelako mezu zerbitzurik gabe hobeto bizi ginela uste duten horietakoa ez bazara interneten pixka bat arakatu eta informazio batzen denbora pittin bat hartzen baduzu alternatiba hobeak badaudela aurkituko duzu agian. Baina, hori bai, zu aldatzen bazara, gero zurekin harremanetan dabiltzan hurkoenak behintzat zurekin batera beste zerbitzu batera aldatzeko eskatu beharko diezu.

Talde handiak mugitzea, jakina, oso zaila da.

Luzerako nagusitasun osoa izango dute? Nigatik ez behintzat.

(780 hitz).

 

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s