D ereduan gaztelaniaz?

Bittor Hidalgok duela egun batzuk mezu bat argitaratu zuen ZuZeu orainkari horizontalean eta bere garaian irakurri eta erantzuteko gogoa izan nuen… Konturatu orduko… aste betea igaro da (1).

Ez naiz hemen testuaren iruzkin sakona egiten hasiko. Agian ez nuke ezer idatziko Bittorrekin guztiz bat etorriko banintz… Baina ez nator bat.

Egin klik gehiago irakurtzeko —>

Artikuluaren lehen zatian berak ezagutu duen egoera soziolinguistikoa deskribatu du. Deskripzio sinesgarria, zalantzarik gabe. Zorionez badaude Euskal Herrian hainbat institutu non egoera Bittorrek deskribatzen duena baino hobea den baina zoritxarrez, nago oraindik ere errazago topa daitezkeela egoera okerragoak. Berak deskribatzen digun institutuko egoera, euskararen erabilera kontuetan, –eta beste hainbat kontutan–, tamalgarria bada, A eta B ereduko ikastetxe gehienetan errazago topatuko genituzke hori baino egoera okerragoak egoera hobeak baino. D ereduko hainbatetan ere bai.

Gure Erkidego Autonomoko ikastetxe askotan, esate baterako, irakasleriaren euskararen erabilera, ziur aski, Bittorrek deskribatu digun ikastetxekoa baino okerragoa da. Gipuzkoan ez nuen nik ikusten D ereduko irakasleak kafea hartzerakoan haien artean gaztelaniaz edo “elebidun”. Araban eta Bizkaian horrelakoak askotan. (Lagin txikia, dena den, nik aurrez aurre ezagutu dudana, ondorio gehiegi ateratzen hasteko).

Ez da Bittorren asmoa izan, nik uste, egoera soziolinguistiko baten deskripzio zehatza egitea. Egin duen deskripzioa sinesgarria iruditu zait eta egoeraren deskripzioarekin ez dut uste Bittorrekin inolako desadostasunik edukiko nukeenik aurrez aurre kontu hauei buruz hitz egingo bagenu. Ikastetxe bakar bateko egoeraren bere balorazioa nahiko ezkorra iruditu zait. Baina nire ikuspegia, bestelakoa izatekotan, ziur aski oraindik ere ezkorragoa litzateke; D ereduez gain, A eta B eredu batzuk ezagutu ditut mendebaldeko hiru lurraldeetan eta Donostia aldeko egoera baino egoera okerragoak bertatik bertara ezagutu, (sufritu ;-), ditut.

Bestalde, asko gustatu zait, –eta +1 egingo nioke–, errezetak ematen hasi denean, “Bat…” horrekin hasten den paragrafoan:

  1. Ahozko hizkuntzan trebatu behar dira ikasleak.
  2. Eskola dinamiko parte hartzaileak behar ditugu.
  3. Ikasgai guztietan –ez bakarrik euskara lantzeko–: ahozko ariketak, ahozko azalpenak, ahozko azterketak, ahozko jardunak, debateak, ikasleen mahai-inguruak, parlamentu irekiak…
  4. Ahozko jardun horiek, notarako…

Bittorrek labur idazteko ahalegin eredugarria eginda, –niretzat nahi nuke labur biltzeko dohain hori–, Zer irakatsi? eta zer ebaluatu? oinarrizko galderei bi zertzeladekin erantzunak margotu ditu: ahozkoaren erabilera irakastearen eta ebaluatzearen beharra azpimarratu du.

Bat nator, erabat, berarekin.

Baina gorago aipatu dudan nire desadostasuna Nola? galderaren ildotik letorke. Ziur aski adostasun handia izango genuke Bittorrek eta biok metodologiaz hitz egingo bagenu. Komunikazio-ikuspegiaren proposamenekin, ziur aski, bat egingo genuke oro har.

Baina “Bi…” horrekin hasten den bukaera aldeko paragrafoa, edo ez dut ondo ulertu edo –eta ziur aski hauxe izango da–, ez nator bat Bittorrekin. Ez dut uste euskararen erabilpena arautegien, indarraren, bultzadarekin behar bezala sustatuko genukeenik. Ez dut horretan sinesten. Alderantzizkoa uste dut nik: horrela euskarari mesede baino kalte egingo genioke.

Uste bat da. Besterik gabe. Ikerketa bat egin liteke baina horretarako ikastetxe bat edo batzuk esperimentua egiteko boluntario aurkeztu beharko lirateke.

Boluntario aurkeztu diren ikastetxean edo ikastetxeetan arautegi batek ikasleak euskara erabiltzera behartuko lituzke eta arauak beteko ez lituzketen ikasleak, –beti egoten da intsumisoren bat–, zigortuko*1 lituzke…

Urte batzuk geroago esperimentuko parte hartzaileak eta erreferentziazko beste talde batzuk erkatuko lirateke eta ikusiko litzateke euskararen ezagutza, erabilpena, euskararekiko atxikimendua eta antzeko parametroen bilakaera.

Nago esperimenturako parte hartzaile boluntarioak topatzea oso zaila izango litzatekeela. Oso.

Eta esperimentua egitekotan, intsumisoen kopurua ere ez litzatekeela txantxetakoa izango uste dut.

*1 Zigorrak baino, aukeran, nahiago nituzke indargarri positiboak. Euskara sustatzeko indargarri edo indartzaile positibo gehiago asmatu beharko genituzke ikastetxeetan, nik uste: ikasleek bere bigarren hizkuntza erabiltzeko egiten dituzten ahalegin guztiak nolabait saritu. Gaztelania ikasleei erraz ateratzen zaie baina euskaraz egiteak, batez ere zenbait testuingurutan, ahalegin handia eskatzen du. Ahalegin horiek, jakina, ez dira maila berekoak leku batzuetan eta beste batzuetan…

(1) Geroago Bittor Hidalgoren artikulua Sustatu.eus horretan agertu zen berriroe ere (irailaren 13an, 13:13an).

(2) Indargarri horiei puntuak deitu izan diet neuk azken bolada honetan.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s