Category Archives: ebaluazio

Ahozkoa landu, programatu, ebaluatu

Via Berritzegune Nagusia

D ereduan gaztelaniaz?

Bittor Hidalgok duela egun batzuk mezu bat argitaratu zuen ZuZeu orainkari horizontalean eta bere garaian irakurri eta erantzuteko gogoa izan nuen… Konturatu orduko… aste betea igaro da (1).

Ez naiz hemen testuaren iruzkin sakona egiten hasiko. Agian ez nuke ezer idatziko Bittorrekin guztiz bat etorriko banintz… Baina ez nator bat.

Egin klik gehiago irakurtzeko —> Irakurtzen jarraitu

Gure eskola sistema

Noam Chomsky hezkuntzaz, ebaluazioaz-eta

Noan Chomsky: El objetivo de la educación: La… por filosofiacr

Errepikatzea ez da errenta

Honako artikulu hau topatuko duzue berria.infon. Garikoitz Goikoetxeak sinatu zuen. Letra lodiz pasarte batzuk azpimarratu ditugu.

 

Errepikatzea ez da errenta

Lau ikasletik batek mailaren bat errepikatzen du Hego Euskal Herrian oinarrizko ikasketak amaitu aurretik. Gero eta ikerketa gehiagok diote ez dela neurri eraginkorra. Beste bide batzuk aztertzen hasita daude eragileak.

 

Ekuazioa argia da: ikasle batek ez baditu gainditzen hiru-lau ikasgai, maila errepikatzera behartuta dago. Hego Euskal Herrian, lau ikasletik batek errepikatzen du gutxienez mailaren bat derrigorrezko eskola garaia amaitu baino lehen. Legeak apenas aurreikusten duen beste aukerarik suspentsoak pilatzen dituzten estudianteentzat. Baina neurri horren balioa auzitan jartzen ari dira eragile gehienak, ikerketek agerian utzi baitute errepikatzaileek ez dituztela emaitzak hobetzen. Soluzioa: laguntza gehiago ematea. Eredua aldatzea eskatzen du horrek, eta baliabideak. Krisi garaian, urritzen ari dira laguntzak.

Azken PISA txostenekoak dira datuak: Hegoaldean, DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako azken ikasturtean daudenen artean, %76k dauzkate 15 urte; alegia, %24k mailaren bat behintzat errepikatu dute. 2009ko datuak dira azkeneko PISArenak. Zenbakitan adierazteko: Hegoaldean, 21.006 ikasle zeuden DBHko 4. mailan, 5.012 errepikatzaileak.

Beste biderik ez da. «Gehienezko suspentso kopuru bat dago irakats-aldi bakoitzean; horiek baino gehiago ateraz gero, errepikatzea beste aukerarik ez dago. Notak dira irizpidea», azaldu du Ernesto Gutierrezek. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako eskola orientatzaileen elkarteko presidentea da. Ohikotzat jo izan da errepikatzea. «Normal hartu izan da. Maiz errepikatu da, eta ondo ikusita egon da», adierazi du Pedro Gonzalezek, Nafarroako Eskola Kontseiluko presidenteak.

«Neurri traumatikoa da», esan du Gutierrezek. «Estigma izaten dute errepikatzaileek, eta autoestimuan ere eragiten die: ikusten dute ikaskideak hurrengo mailara igaro direla eta haiek lehengoan daudela». Ikasle eta irakasle gehienak bat datoz: porrot sentipena dakar errepikatzeak, eta lan handiagoa egin beharra harremanak izateko. ISEI Irakats Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundeak egindako ikerketa batek agertu du egoera hori. «Errepikatu dutenek eta ez dutenek diferente ikusten dute eragina», azaldu du Amaia Arregi ikertzaileak. Ondorioei garrantzia kentzera jotzen dute errepikatzaile askok.

Nerabeek errepikatzen dute gehien, 13-15 urtekoek. «Adin zailean daude, eta ez dute adierazten arazoak dituztela errepikatzearen ondorioz. Baina badituzte: lagunengandik banandu egiten dira». Marian Ozkariz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuordeak esan du irakasleentzat ere ez dela ona ikasleek errepikatzea.

Emaitzak, ezbaian

Alde pertsonaletik kalterako da eta, heziketaren ikuspegitik, gero eta zalantza gehiago daude. Gonzalez: «Ikerketa gehiagok diote errepikatzaileek oso gutxitan lortzen dituztela emaitza hobeak. Zalantzan dago eraginkortasuna».

ISEIren ikerketek berretsi dute emaitza kaskarragoak dituztela errepikatzaileek. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, DBHko 2. mailan egin zuten proba: Matematikan, batez beste, 512 puntu lortu zituzten ikasleek; errepikatzaileek soilik, berriz, 499. Alde «esanguratsuak» direla adierazi du Arregik. Beste datu bat: mutilak dira errepikatzaile gehienak.

Herrialde batzuetan egin diete kasu errepikatzeak baliorik ez duela dioten ikerketei, eta aldatu egin dute sistema: maila gainditu egiten dute ikasleek, suspentsoak pilatu arren. Finlandian, adibidez, oso salbuespenekoa da ikasle batek maila bat bi alditan egitea.

«Zailtasunak dituztenentzat laguntza handiak jartzen dituzte han», argitu du Gutierrezek. Lehenago esku hartzen dute, eta errepikatzea saihesten. Euskal Herrian, ordea, huts egiten dute horretan. «Ohituta gaude esatera DBHko 4. mailan suspentso asko dituenak porrot egin duela. Baina ikasle horrek lehenago egin du porrot, askoz lehenago», ohartarazi du Gonzalezek. Horren garrantziaz ohartuta daudela esan du Ozkarizek, eta lehentasuna dela: «Prebentzioa da garrantzitsua, eta zailtasunen bat ikustean berehala esku hartzea. Askoz errazagoa da garaiz zuzentzea azkenera arte zain egonda baino».

Ekimenak abiatu dituzte azken urteetan Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak. «Ahalegina egin da: dibertsifikatze taldeak sortu dira. Talde txikiagoak izaten dira, eta ikasleei egokitutako bidea jartzen dute, curriculuma moldatuta», azaldu du Gutierrezek. Badaude baliabideak? Baietz diote Nafarroako Eskola Kontseiluko buruak eta Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuordeak. Ozkariz: «Dauden eskola orduetarako baino langile gehiago ematen zaizkie eskolei, eta ahalmena badute laguntzak jartzeko». Gonzalez: «Arazoa ez da baliabideena. Horiengatik balitz, arrakasta handiagoa beharko genuke».

Krisiak izan du eragina, nolanahi ere. «Zailtasunak daude», esan du orientatzaileak. Irakasleen elkarteek ikasturte hasieran ohartarazi zuten laguntzekin arazoak daudela, ikasleko irakasle gutxiago daudelako; Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, etengabe kentzen ari dira laguntzaileak, eta hurrengo eskola sartzean ere hori bera egin nahi dute.

Laguntza jaso arren suspentso asko pilatuz gero, errepikatu egin behar du ikasleak. «Bi-hiru irakasgai badira, irakasleek erabakitzen dute zer den probetxuzkoagoa, pasatzea edo errepikatzea», esan du Gutierrezek. Maisu-maistrek ondo ikusten dute errepikatzea. ISEIren ikerketan, %87k esan zuten neurri ona dela. Arregi: «Ikasle heldugabeei laguntzen diela uste dute askok, baina ez dituzte ezagutzen errepikatzearen ondorioei buruzko ikerketak».

Ikasle motaren arabera

Errepikatzearen balioa ikaslearen araberakoa dela uste dute Gutierrezek eta Gonzalezek. «Askotan gertatzen da ikasleek beste era bateko heziketa nahi dutela, edo lanean hasi. Kasu horretan, errepikarazteak ez du balio. Arazo gehien horrelako ikasleekin izaten da», adierazi du orientatzaileak. Beste estudiante mota bat deskribatu du eskola kontseiluko buruak: «Kostatzen zaien ikasleentzat balio du, laguntza jarrita aurrera egiten dutenentzat».

Errepikatzaileentzat plan bat egiten dute maisu-maistrek ikasturte berrirako. «Ikasleek zailtasunak zergatik dauzkaten jakitea da garrantzitsuena, eta horiek gainditzeko egitasmo bat egitea», azaldu du Ozkarizek. Baina guztiek onartu dute alor horretan zer egin asko dagoela ikastetxeetan. «Badakigu praktikan konplexua dela plan horiek martxan jartzea», aitortu du sailburuordeak.

«Errepikatzeagatik errepikatzeak ez du funtzionatzen», nabarmendu du orientatzaileak. Gainerakoek ere babestu dute adierazpen hori. Kontua da hutsunea dagoela berriro egin beharreko ikasturtea diseinatzean. «Hezkuntza komunitateak edo ez du egiten edo gehiago kostatzen zaio horri erantzutea». Egoera aldatu beharra nabarmendu du Gonzalezek: «Argi esateko: ezin da emaitza desberdina lortu gauza bera eginda bi ikasturteetan. Arazoa da ikasleei ez diegula egiten hezkuntza planteamendu eraginkorrik. Errepikatzaileei neurri berak ezartzen segitzen dugu».

Kasuak banaka aztertzearen eta ikasle bakoitzaren egoerara moldatzearen beharra nabarmendu dute. «Bestela, azkenean, ikasleak errepikatuko du behin, eta hurrengoan automatikoki pasatuko du ikasturtea, suspentso mordo bat izanagatik ere. Eta hori gertatu egiten da», ohartarazi du eskola kontseiluko buruak. Eta amildegia gertu izaten da. Arregi: «Irakasmaila bat errepikatzea, beste adierazle batzuen artean, arrakastaren edo eskola porrotaren seinale bat da». Hegoaldean, hamar ikasletik batek ez du lortzen DBHko titulua.

Familiaren garrantzia

Ikasle bakoitzaren beharrei nola erantzun asmatu behar du hezkuntza sistemak. Gonzalezek nabarmendu du, hala ere, ez dela hori eskolen egitekoa soilik. Familien garrantzia gogorarazi du: «Maiz, ez zaigu axola gure seme-alabak ikasturtea pasatzea sei suspentsorekin. Igarotzea nahi dugu. Falta zaigu kultura hori: umeen heziketa dela garrantzitsua, behar dituztela erremintak gizarteratzeko eta laneratzeko».

Aldaketak ezinbestekoak dira, baina nolakoak? Automatikoki mailaz pasatzea dago mahai gainean, Europako beste herrialde batzuek egiten dutenez gero. Sailburuordeak uste du legea aldatu gabe ere badagoela hobetzeko biderik: «Aukerak badaude. Sakondu behar dugu bide honetatik: arazoak antzeman orduko, esku hartu behar da, ondo hartu ere. Hori egingo bagenu, oso txikiak lirateke errepikatzaileen kopuruak».

Mailaz igotzearen aldeko iritziak zabaltzen ari dira: ISEIren ikerketan, hori babestu zuten hamar ikasletik zortzik eta hamar irakasletik zazpik; hori bai, maila suspentsoekin igarotzen dutenei laguntza jartzea ezinbestekotzat jotzen dute. Dirua da hori. Baina egungo egoera ez da hobea: ikasleen laurdenek behar baino urtebete gehiago egiten dute eskolan. Gonzalez: «Errepikatzea garestia da. Diru hori beste neurrietan erabilita, asko egin ahalko genuke».

Hortxe azpimarratu ditut pasarte batzuk. Zeintzuk azpimarratuko zenituzke zeuk?

Zein da gaiari buruzko zeure iritzia?

Public Domain. via Creative Commons by Pfc. Adam Halleck, 1st BCT PAO, 1st Cav. Div., MND-B

EAE hezkuntza sisteman euskara mottel dabil

Josu Sierraren blogean gogoratzen ziguten euskara,  gure lurraldeko hizkuntza “propio” eta ofiziala, zein emaitza kaxkarrekin ari garen ikasten.

Emaitza horiek gaztelaniarekin gertatuko balira hainbat hedabidetan debate eta iritzi sutsuak entzungo genituzke. Euskararen egoera tamalgarriarekin, ordea, ohituta gaude. Kontu konponezina ematen du. Hizkuntza gutxiagotua da eta hortik kontuak.

Josu Sierrak erakusten dizkigu hiru hizkuntza eredu klasikoen emaitzak. A, B eta D, A ereduan oso emaitza txarrak eta D ereduan txarrak izanda ere hiru ereduetan emaitzarik onenak.

Kontu jakina da ez bakarrik euskaraz komunikatzeko gaitasunean, beste gaitasunetan ere, gaztelaniaz komunikatzeko gaitasunean tarteko,   desorekak daudela ebaluazio emaitzetan. Euskaraz komunikatzeko gaitasunean gertatzen denarekin beste gaitasunekin ere paralelismo edo korrelazioa ikus daiteke. Emaitza txarrenak (ikastetxe publikoei bakarrik begiratuz gero) A ereduan. D ereduan onenak.

Ikasleak ez dira ausaz matrikulatzen hiru ereduetan. Badirudi eskola publikoan maiz gertatu dela zenbat eta indize sozio-ekonomiko-kultural (ISEK) altuago orduan eta eredu elebidunago hautatu.

Itunpeko eskoletan hautaketak ez dira modu beretik egin. Oso oker ez banago, itunpeko eskoletan B eredua izan da ISEK baxuena erakutsi duena eta A eredua altuena. Emaitzak, hemen ere, ISEK horrekin korrelazioan.

Baina orain, eskola publikoan behintzat, leku askotan laugarren hizkuntza eredu bat gogor, indartsu, hasi da. Gurean EA eredua deitzen diogu: eredu eleanitza. Ingelesa maila hobetzeko aukera hobearekin, ikasgai batzuk ingelesez.

Laugarren eredu honetan ere ikasleak ez dira ausaz matrikulatzen. Lehengo hiru ereduetan gurasoen hautaketa hutsa baldin bazegoen, oraingo laugarren eredu honekin irakasleen eskua ere antzeman daiteke.

Ez ditut oraindik ebaluazio-emaitzak ondo inon argitaratuta ikusi baina nago EA taldeetako emaitzak lau ereduetan altuenak izango direla, alor edo gaitasun guztietan. Alde nabariarekin gainera. Horrelako taldeetara ikasle “onenak” bideratzen dira. Talde horietatik ikasle “txarrenak” erauzi egiten dira… Lehengo hiru hizkuntza ereduekin gertatzen zena baina areagotuta. Irakasleek probak prestatu izan dituzte talde berri hauetara nortzuk joango diren ebazteko, espedienteei begiratu zaie…

Etorkizun hurbilean ikusiko ditugu emaitzak. Eskola porrota eta eskola arrakasta ez da, inondik ere, lau ereduetan ausaz banatuko .

Labirintoan zulo beltzak egoten dira batzuetan, (Irudia: via Creative Commons, By Kim Navarre from Brooklyn, NY - CC-BY-SA-2.0)

Walter LEWIN. Fisika irakaslea MIT

Hainbat rankingen arabera munduko unibertsitaterik onena Massachusetts Institute of Technology delakoa da.

Doan entzun ditzakezu haien ikasgai batzuk:

http://youtu.be/NeXIV-wMVUk

Ea nor animatzen den Walter Lewinen biografia idazten eu.wikipedia.org-rako.

Munduko irakaslerik aipatuena MIT horretan dabil irakasle: Noam Chomsky

via Wikimedia Commons - Noam Chomsky

Munduko fisika irakaslerik entzutetsuena: Walter Lewin

Walter LEWIN; via Wikimedia Commons

Kalitatezko hezkuntzaz

2008. urtean Ramón Flecha aurrez aurre entzuteko aukera izan genuen Leioako Berritzegunean. Duela gutxi, Argia aldizkariko Larrun gehigarrian ikusi dut guk entzundako hitzaldia ia-ia berdin-berdin errepikatu zuela handik bi urtetara-edo Zarautzen.

Ramón Flecha hizlaria

Bere garaian oso interesgarria iruditu zitzaizkidan Ramón Flechak  gure hezkuntza sistemari egindako kritikak eta hezkuntza sistema hobetzeko bere proposamenak. Ikasleak talde elkarreragileetan antolatzea, ikastetxeak ikas komunitateak bihurtzea, ikaskuntza dialogikoa… Guztiak proposamen onak.

Geroztik bi ikas komunitatetan lan egiteko aukera izan dut.  Bi ikastetxe publikotan sistema hori aplikatzeko prest egon ziren bere garaian eta hortxe ibili nintzen lanean.

Ikas Komunitateek proposatzen duten errezeta bikaina iruditzen zait. Tamalez, ez dut oraindik ere inon aplikatzen ikusi.

  1. Ez dira doan lan egiteko prest dauden boluntarioak erraz aurkitzen. Are gutxiago euskaraz lan egiteko prest.
  2. Ikas komunitateetatik igarotzen den irakasleriaren heren bat-edo urtero aldatzen da.
  3. Irakasle batzuk nahiago dute beti bezala lanean jarraitzea, betiko emaitzak oso onak ez badira ere. (Emaitza txarrak ==> ikasleen eta beren familien errua).

Dena den, batzuk, Ikas Komunitateen formula, nola edo hala gure modura aplikatzen saiatzen gara.

Euskara tituluak opari

Oparia

Ikasketen %50 euskaraz eginez gero; euskara titulua opari!!!

Aspaldian ikusita geneukan berria. Hasieran iragarpena zen baina badaezpada egin ziren salaketa batzukGaurko prentsan irakurrita kontua seriotan doala ematen du.

Euskaraz egiten diren ikasketak, B eta D ereduak, bultzatzeko neurria omen da.  Eredu horietan euskara titulua ziurtatzen dela ikusita, agian, familia gehiago animatuko omen dira beren seme-alabak B eta D eredu horietan matrikulatzen. Batek daki.

Baina seme-alaba horiek euskaldun aterako dira? Orain arteko ebaluazio serioenek ezetz erakutsi dute. Baina tira, titulua, behintzat, eman egingo zaie.

Eta zer da garrantzitsuena? Ikasleak elebidun ateratzea hezkuntza sistematik ala tituludun?

Eta batez ere, zer da merkeagoa epe laburrean? Tituluak ateratzeko orain arte erabili den sistema garestia (euskaltegiak, IVAP, etab.) ala hezkuntza sistematik igaro duten guztiei eta irakasgai gehienak* gainditu dituztenei titulu bana oparitzea?

Gogoeta batzuk:

  1. Erdaldun eremuetan, mendebaldeko Euskal Herriko hiri eta herri gehienetan beraz, D ereduko ikasleek bere denboraren %15 baino gutxiago igarotzen dute euskaraz. Batez beste. (Egin kontu, 176 eskola egun bider laupabost ordu eguneko.  Hortik kanpo ezer gutxi).
  2. D ereduko ikasleen heren batek eta B ereduko ikasleen bi heren, kanpoko ebaluazioen arabera, ez zuten lortzen espero zitekeen euskara maila. A ereduan inork ez. Datu kezkagarri hauek oso ezagunak dira. Baina hortxe A eredua martxan. Eta ikasleak hezkuntza sistematik euskaldunago ateratzeko ahaleginak egin beharrean, tituluen eskakizun maila jaistea hobetsi da, agi denez.
  3. Hezkuntza sisteman izenez B eredua direnak baina izanez A ereduak direnak, bertatik bertara ezagutu ditu lerro hauek idazten dituen honek.  Izenez D eta izanez B direnak ere hortik egotea, litekeena.
  4. Ikasleen heren bati, bi hereni, euskara tituluez gain, zer gehiago oparituko zaie? Ingeles titulurik?  Eredu eleanitza indartzeko aukera ezin hobea!
  5. Gaztelaniaz jakin gabe DBH, batxiler eta gradu tituluak ere emango dira?
  6. Epe laburrean merkea dena, epe luzeagoan garesti ordaintzen da askotan. Tituluak titulu, mendebaldeko hezkuntza sistematik elebakarrak ateratzen segitzen dugu. Tamalez.
  • irakasgai gehienak* Irakasle honek ikusita dauka nola ematen zaien DBH titulua Euskara eta Literatura eta beste irakasgairen bat gainditu ez duten zenbait ikasleri. Legeak onartzen du salbuespen bezala baina, jakin badakigu, askotan salbuespena arau bilakatzen dela.