Tag Archives: hizkuntzak

Etorkizuneko itzultzailerik onenak?

XXI. mendean munduko hizkuntza guztiak baloratzen hasi dira. Aurrerantzean ere eleanitza izatea izango da elkar ulertzeko biderik onena? Ala etorkizun hurbilean munduko itzultzailerik onenak makinak izango dira?

Hizkuntza gutxituetako hiztun guztiek dute elebidun edo eleanitz izateko beharra? Zer da hizkuntza gutxitua? Ezagutzen duzu adibiderik?

Deep Blue – Historian lehen aldiz xakeko munduko txapeldunari irabazi zion ordenagailua. Egunen batean munduko itzultzailerik onenak ordenagailuak izango ote dira? Edo Google Translate bezalako zerbitzuren bat? [Argazkia by James the photographer (http://flickr.com/photos/22453761@N00/592436598/) [CC-BY-2.0 (http://creativecommons.org/licenses/by/2.0)%5D, via Wikimedia Commons]


Europako itzultzaile eta interpreteak

Advertisements

Idatzitakoa entzuteko aukera

Egin klik irudian:

Euskararen berri onak

Agustin Kardaberaz, 1761, Eusqueraren berri onac

Agustin Kardaberaz, 1761, Eusqueraren berri onac.

Nire blog-mezu batzuk ikusita, hizkuntza gutxiagotu batean aritzearen laztasunari buruzkoak-eta [1] [2], baten batek irakurri baditu pentsatuko zuen agian, tipo ilun, ezkor horietako bat naizela . Beti botila erdi hutsik antzematen duten horietako bat…

Nire irudi ezkor hori orekatze aldera, Kardaberazek XVIII. mendean erabili zuen izenburuarekin neuk ere zerbait idatzi nahi izan dut ia 250 urte geroago.

Gutxiagoturik geratu zaigun hizkuntza batean aritzea gogorra da [1] [2] baina tontoak legez kontsola gaitezke munduko hizkuntza gehienak gurea baino okerrago daudela ikusita.



  1. Gure hizkuntza bizirik ailegatu zen inprenta garaietaraino. Munduko hizkuntza gehienetan ez da ezer inprimatu. Telebista, irratia, internet garaietaraino ere bizirik ailegatu da. Euskarak Ofizialtasuna lortu du zenbait lurraldetan eta hezkuntza sistema bat ere bai. Munduko kultura gehienek lortu ez dutena.
    Munduko hizkuntzen semaforoa

    Gure hizkuntzari semaforoaren argi horia dagokio.

    Gure hizkuntzari semaforo horia dagokio, ez gorria. (Munduko lehen 250en artean omen dago).
  • Gainditu egin dira urte askotan oso zabalduak egon ziren iritziak. “Euskara ez da kultura hizkuntza bat. Ez du hainbat gauzatarako balio. Ezinezkoa da hau eta bestea euskaraz egitea…” XX. mendearen zientziaren ekarpen handi horietakoa izan da munduko giza-arraza eta hizkuntza guztiak baliokideak direla frogatzea. Orain inork ez du sinesten giza-etnia batzuk beste batzuk baino gehiago direnik edo hizkuntza batzuk aurreratuak eta beste batzuk primitiboak direnik… Baina gure hizkuntzak hizkuntzekin interesa duen pertsona batzuen arreta erakartzen du oraindik.
  • Gure hizkuntzak badu eredu estandar bat. Eztabaida gutxi sortzen dira, nik uste, gaur egun euskara zer den eta zer ez den, nola idatzi behar den, eta antzeko kontu horiekin. Eta sortzen direnak, euskaraz sor daitezke ez garai batean bezala, inguruko beste hizkuntzetan ia bakarrik aritzen ziren euskarari buruz. Gurean, egun, ez dago zenbat gara konturik hizkuntza kontuetan, galego-portugesa edo katalanaren hurbileko kasuak begiratzea besterik ez dugu hori ez dela hain arrunta ikusteko. Gurean jende gutxik ez dio txintxo-txintxo Euskaltzaindiaren iradokizun guztiak bere egiten, saiatu behintzat, eta inork gutxik egiten du gaur egun hiperbizkaieraren apustua edo lapurtera klasikoaren apustua. Eredu estandarrak eztabaida gutxi.
  • Munduko milaka hizkuntzen artean, –zazpi mila, zortzi mila hizkuntzen artean–, badirudi gurea hiztun gehien duen horietakoa dela. Hiztun kopuruari begira gure hizkuntza handia da. Milaka hizkuntza daude munduan gure hizkuntzak dauzkan baino hiztun gutxiagorekin. XXII. mendean oraindik bizirik egoteko aukera handia duen horietakoa omen da gurea. Zazpi mila horietatik 247. postuan topatu nuen en.wikipediaren ranking batean (kalkulatzeko irizpideak eztabaidagarriak dira, jakina).

  • Bere garaian Gutenbergen moldiztegiak giza komunikaziorako ekarri zuen iraultzaren pareko beste hamaika gertatu dira XX. mendearen bueltan. Hasieran, Gutenbergen moldiztegian, Bibliaren 150 kopia egin ziren bi urtetan. Aurretik imajina dezakegu zenbat denbora beharko zuten kopiak banan-banan eskuz egiteko. Europako kultura iraultza handienetakoa. Erdia Aroaren mugarria askoren ustez… Orain, esaterako, Google enpresak milioika liburu dauzka eskaneaturik. Liburuak liburutegi publikoetan, liburu-dendetan, ikastetxeetan, online eta edonoren etxean topa ditzakegu. Baina liburua ez da behar bada gure garaietako euskarri nagusia. Audioak eta bideoak etengabe ari dira sortzen. Telebista, irratia, idatzizko prentsa… Gutenbergen iraultza berandu iritsi zen gurera, Leizarragaren Biblia (1571) Gutenbergek berea atera (1456) eta handik ehun eta hamabost urtera ailegatu zen gure hizkuntzara. Hezkuntza sistemara gure hizkuntzara ekartzea ere nahiko berandu lortu zen alboko hizkuntzekin konparaturik baina XX. mendeko beste hainbat iraultzetara badirudi nahiko garaiz iritsi garela. Badugu euskal hedabiderik, telebista, irratia, argitaletxeak… eta interneten bizirik gaude. Gure irratiaren diala edo gure Lurreko Telebista Digitalean eskaneatzen badugu hortxe topatuko dugu euskara bizirik. Beste hizkuntzen ondoan leku gutxiagorekin baina bizirik.
Liburu elektronikoa

Laster internetetik zuzenean irakurri ahal izango dugu. Milioika liburu eskura.

  • Interneten bizirik gaude beraz. Gainera, munduko lehen 60 hizkuntzen artean gaudela kalkulatzen [3][4] dut erreferentzia zehatza inon aurkitu ez badut ere. Firefox nabigatzailea euskaraz behar bada 10.000 pertsonek erabiltzen dute dagoeneko. Baina askoz gehiago izango gara sarean endredatzen ari garen euskaldunok. Ziur aski, egunero sortzen da webgune berriren bat euskaraz… Oraindik beste hizkuntzen oso atzetik goaz, jakina, baina bizirik gaude. Gure hizkuntza ofiziala da lurralde batzuetan eta estatu bat ez izateak pittin bat ikusezin bihurtzen bagaitu ere, diglosikoak baina bizirik gaude.elebidunak

Queremos galego!

Gaztelaniaz edo portugesez edo biak dakizuenok  ez duzue arazo larriegirik izango honako bideoa ulertzeko:

Zer eskatzen dute irakasle horiek? Zergatik? Nola bideratu dute bere eskaera? Zein da zure iritzia.

Galiziera hizkuntza bat da ala portugesaren dialektoa? Ala gaztelaniaren dialektoa? Zergatik?

Islandiako sumendiaren izena

Gure iturria: Karrajua, Atoan (Benito)

Gure hizkuntza zaila dela diote batzuk…

Gure hizkuntza ez da erromanikoa izango baina fonema gutxi ditu, bokalismo erraza… Izenek, adjektiboek eta ez dute generorik… Konparatuko dugu Islandiako hizkuntzarekin?

Egunotan Islandia (Iceland) irlako sumendiaren izena bolo-bolo ibili da. Kazetariek txantxak egiten zituzten ea nork ahoskatu,”Izen ahoskaezina duen sumendia” … Hau da,

Eyjafjallajökull

Bazenekiten munduko savant ospetsuenetako batek, Daniel Tammetek,  Islandiako hizkuntza telebistan elkarrizketa egiteko moduan 7 egunetan ikasi zuela?

Ea nork egiten duen aurkezpen bat Daniel Tammet horri buruz, edo sumendiez, edo Islandiaz!

Euskaldun izateagatik barkamena eskatzen dugu?

…euskaldunak bigarren mailako herritarrak gara. Euskaldun gisa nortasun krisi bat dugu, eta ikusten dut autoestimua ezin beherago dugula. Portaera aztertuta, ondorioztatzen da euskalduna otzana dela. Normalki, isildu egiten gara, elebakarrari alfonbra gorria jartzeraino: barkamena eskatzen dugu, erraztasun guztiak ematen dizkiogu, gazteleraz bestea eroso senti dadin…

Berria.info 2010-03-20 Imanol Miner elkarrizketatua   Mikel Peruarena elkarrizketatzailea.

Hau ez da iritzi artikulua elkarrizketa baizik, baina elkarrizketatuak bere iritziak agertu ditu. Zein da, kontu hauetan,  zeure iritzia?

Invisibilización, invisibilizar.

Jakina, euskaraz erraz eman nezakeen goiko izenburua, ikusezin bihurtu, ikusezin bilakatze. Baina niri ere, askotan, ideiak burura gaztelaniaz etortzen zaizkit. Ez da hizkuntza hori, gaztelania, alferrik ene ama-hizkuntza eta. Goiko hitz horiek etorri zaizkit burura egun hauetan gure herriko kontuekin batzuetan gertatzen zaizkigunak ondo azaltzeko baliagarri iruditu zaizkidalako.

Espainiako Errege Akademiako agure zaildu bati irakurri nizkion behin feministen kontrako hamaika itsusikeria. Artikulu hura hizkuntzari buruzko lezioak emateko eta feministak iraintzeko idatzi zuen eta bapo  erabili zuen bere talentua.

Feministak barregarri uzteko asmoz  “miembros y miembras”,  “feministos y feministas” eta antzekoak  idazten zituen, behin eta berriro.  Ez dut ondo gogoratzen erabiltzen zituen argudioak baina espainolaren tradizioa zein den gogorarazten zuen eta tradizio aberats hori ez dela zertan aldatu behar aldarrikatu. Edonork ulertzen du, esate baterako, “Proyecto Hombre”, “El Hombre y la Tierra”  Gizakia Helburu, Gizakia eta lurra adierazten dutela, eta ez Gizona Helburu, Gizona eta lurra.

Baina “sasi-moderno” eta feminista batzuk, zioen bere baitan,  “El Hombre y La Tierra” bezalako egiturek emakumeen kalterako direla diote,  emakumeak ikusezin bihurtzen omen dituztelako.

Gure akademikoa ez zetorren bat inondik inora ikuspegi sasi-moderno horiekin. Edonork ikus dezake “El Hombre” horren atzetik (edo azpitik 😉 ) emakumea dagoela… Eta itsusikeria iruditzen zitzaizkion alumnos y alumnas bezalako borobilkeriak. Alumnado erabiltzea, tira, baina” los alumnos obtuvieron buenos resultados”, espainolez, espainol jatorrez, ikasleek, ikasle guztiek, neskek zein mutilek,  adierazten omen du bere ustez. Mutilek bakarrik emaitza onak lortuz gero, orduan bai, orduan zehaztu beharko zen espainolez, “los alumnos varones obtuvieron excelentes resultados, las alumnas no”.

Bukatzeko, errieta egiten zion emakumezko politikari ezagun gazte bati invisibilizar eta invisibilización bezalako neologismoak barra-barra erabiltzeagatik. Hitz horiek ez dute inongo tradiziorik espainolez eta oraingoz, gogoratzen zion, hitz horiek ez ditu Errege Akademiak ontzat hartuko

Anekdotatxoa kontatuko dizuet hementxe. Egun hauetan Wikimedia Commonsera argazkiak igotzen ibili naiz. Oporretan egiten diren tontakeria horietako bat.  Hartu ditut nire argazki digital zaharrenak, 2003. urtekoak, eta horietako batzuk, banan-banan igo ditut Wikipediako erabiltzaileek-eta doan eskura izan ditzaten. Kontua uste baino aspergarriago suertatu zait,  zeren argazkia igo eta gero argazki bakoitzari etiketak ipini behar. Behin hasita, etiketak ingelesez, euskaraz, espainolez eta batzuetan frantsesez jarri ditut. Minutu pare bat bakoitzarekin, baina argazkia asko igoz gero, denbora tontamentean xahutzeko bide segurua.

Igaro dira egun batzuk eta hara non ikusi dudan munduko hainbat laguntzailek nik jarritako etiketa batzuk ezabatu edo ordezkatu dituztela. Esate baterako, Getxoko bi hondartza ikusten zen tokian nik Beaches, Basque Country, Biscay, Getxo, Beaches in Biscay… etiketak jarri eta Austriako tipo batek Basque Country eta Beaches in Biscay arkaiko horiek ezabatu eta Beaches of Spain ezarri. Leioako Avanzadari beste batek Highways in  Spain… Ezin nien laguntzaile ezezagunei banan-banan idatzi, ez dut horrenbeste denbora libre-eta, baina izanez gero,  esaterako, esango nioke munduko beste puntako tipo horri  Leioako Avanzada bizkaitarren zergekin ordaintzen dela… Eta egunero bere zarata pairatzen duen honek eskubidea izan beharko lukeela bere etxe ondoko errepideari nahi dion etiketa jartzeko eta eskatuko nieke, oro har,  ez ezabatzeko, Basque Country, Estatua ez bada ere Herria dela, izenak berak adierazten duen legez… Baina ez dut gogorik horrelako kontuekin eta nire ingeles kaxkarrarekin borondate oneko laguntzaile ezezagunei matraka emateko. Irribarre egiten dute munduko hainbat tokitan gure txokokeriekin. Nationalism in Spain etiketa jartzen diote honelako kontuei (ez nationalisms in Spain!). Zezenketak, harri-jasotzaileak eta flamenkoa bezain bizarre, nonbait kanpotik ikusita.

Euskal Herria ikusezina da munduan? Nazionalista intolerante XIX. mendekoa nauzue Leioako errepideari Basque Country jarri niolako eta ez Spain? Zer egin beharko dugu gure herria ikusezin ez bilakatzeko?

Europe Estates Countries

Europa. Mapa politikoa. Egin klik eta beste mapa ikusezin bat ikusiko duzu. Image Wikimedia Commons by San Jose (map), Apengu (translation)

Diagnosi ebaluazioaren emaitzak 2009

Who_Watches_the_Watchmen

Nork begiratzen ditu jagoleak?

Duela egun batzuk argitaratu dituzte Diagnosi-ebaluazio lehen proben emaitzei buruzko txostenak.
Lehenago ere kontu horiei buruz nire iritzi batzuk bota ditut blog honetan.

Interesgarria iruditu zaizkit txosteneko zenbait pasarte. Taula hau, esate baterako:

ISEK indizearen batez besteko balioak (Indize sozio-ekonomiko eta kulturalaren balioak)

A publikoa    0,68 Baxua

B publikoa     0,35 Ertain baxua

D publikoa     0,12 Ertain altua

Itunpeko A 0,24 Altua

Itunpeko B 0,08 Ertain altua

Itunpeko D 0,16 Ertain altua

Kanpoko hezkuntza adituren batek datu hauek ikusiko balitu, ez luke oso erraz ulertuko zergatik aldi berean A eredua ISEK altuen eta baxuen duten familiek aukeratu duten. Publikoan baxuen, itunpekoan altuen.

Txostena irakurtzen jarraituz gero, kanpoko hezkuntza adituak galdetuko luke ea hizkuntzen komunikazio gaitasun mailari buruzko datu horiek zer adierazten duten, A1, A2, B1, B2, C1… Europan egindako neurketa Europan ulertzeko moduko datuak beharko… Txosten osoa irakurrita ere ez luke galdera xinple horren erantzuna topatuko. Galdetuko luke, agian, ea zergatik ez da ahozko adierazpenari buruzko inolako neurketarik egin. Arazo logistikoak, ezta? galdetuko luke.

Txostena irakurrita, galdetuko lieke, agian, hezkuntza arduradunei ea bi hizkuntza ofizial duen lurralde batean ez ote den penagarria euskara neurtzen neurtu den hori.  Hezkuntza arduradunak arrazoi historiko eta soziolinguistiko ugarirekin erantzungo lioke.

Hezkuntza aditu atzerritarrak galdetuko lioke orduan ea ze plan dauden hori guztia konpontzeko, A ereduarena, batez ere, begi bistakoena, baina baita ere beste ereduetakoa… Euskara emaitzak, oro har, oso txarrak dirudite, ezta?

Gaztelaniazko emaitzak Indize Sozio Ekon. eta Kulturalari oso lotuta daudela ikusten bada eta euskararen emaitzak, aldiz, hizkuntza ereduei askoz lotuago…  Gaztelaniazko emaitzetan hiru ereduak  ISEKaren atzetik badabiltza baina bestalde, euskaraz, A eta B ereduek D ereduak baino emaitza nabarmen okerragoak erakutsi badituzte ISEK horretatik haratago, zertarako nahi dituzue hiru ereduak? Gaztelania ziurtatzeko ez badira, eta ez dira, agi denez; are gutxiago euskara, ezta?

Hezkuntza arduradun autoktonoak harro erantzungo lioke. Euskararen emaitza horiek konpon bidean dauzkagu, sisteman ingeles gehiago sartuta eta A ereduan astero euskara ordu bat gehiago sartuta… Gainera ikastetxe bakoitzak bere hobekuntza plan berezia prestatzen arituko da une honetan… Hurrengo neurketan ikusiko dira egindako hobekuntzen emaitza onak!

Hezkuntza adituak, orduan, bere herrialdera itzulita hemen ikusi eta ikasitakoarekin txotena prestatu beharko luke. Asterix eta Obelixen esaldi hura erabiltzeko gogoa, izenburuan bertan.

Txoroak dira gero erromatar hauek!