Tag Archives: pellak

Pellak

“Itsaso, amama zain daukagu eta frituak pestatu ditu. Ezetz asmatu zer gehiagorik?

Pellak?

Bai maitea, gaur pellak dauzkazu postrerako.

Biba!

Esan agur lagunei.

Gure herrian esnezko tostadei esaten diegu “pellak”, gaztelaniazko “leche frita”. Mar eta Paulo ere ohituta daude jaten, haien amamak prestatzen dizkielako Itsasori bereak bezala.

Lapikotik platerera botatzerakoan pellen ore arrastoak itsatsirik gelditzen dira ontzien ertzean. Hondar hauek atzamarrez batu eta mingainarekin zurrupatzea plazer une betea izaten da umeentzat.
Despedida modura senar-emazteei bota diet: nik jango dut masa!

Fermin Etxegoien, Autokarabana. Pamiela. 2009;  (188. or)

Esne tostadak

Osagaiak:

  • 3 gorringo
  • 100 g. azukre
  • 100 g. irin
  • 3/4 l. esne
  • Limoi erdi baten azala
  • Kanela adaska bat
  • Kanela hautsa
  • Olioa

    Esne tostadak, pellak (via Wikimedia Commons)

Nola egin:

Irabiatu ondo hiru arrautzen gorringoa. Gehitu azukrea, irina eta kikara bat esne hotz, pixkanaka-pixkanaka gaineratu, ore fin eta urtsua lortu arte.

Ondoren, isuri gainera kanela adaska pare batekin eta limoiaren azalarekin egositako esnea. Ondo nahastu.

Jar ezazu dena irakiten, irabiatu, ezer ez geratzeko itsatsita.

Oreak behar duen gorputza duenean, irauli irakitan izan duguna, gurinaz igurtzitako erretilu lau batean eta hozten utzi.

Ondo hoztuta dagoenean gogortu egingo da. Laukitxo formak hautatzen dira normalean gogortutako orea mozterakoan. Pasatu irinetik eta arrautzatik eta frijitu olio bero-beroan.

Bi aldeetatik frijitu eta gero azukrea eta kanela hautsa botatzen da gainetik. Nahastu aparte azukrea eta kanela, eta nahasketarekin pellak bukatuta.

Astiro jan eta on egin!