Konpetentzia digitala eta EHIkastolak

Euskaltzaindiak, Ikastolen Elkartearekin elkarlanean, argitara eman berri duen material didaktikoa, oro har, egokia eta interesgarria iruditu zait. Erabilgarria.

https://euskararenherriaehuntzen.euskaltzaindia.eus/

XXI. mendeko euskaldunok erreferente moderno eta erakargarriak behar ditugula kontu jakina da. Euskaltzaindiak aurkeztu berri dituen materialetan kontu hori landu eta zaindu egin da.

Baina kontu horietan Ikastola Elkarteak azken urteotan egin dituen IKT hautapenetan, gure ustez, problema bat dago: online baliabide pribatiboak hobetsi egin dira, besterik ez balego bezala aurkeztu egin dira. Software libreak eskaintzen dituen aukerak erabat ahaztu egin dira. Eta irakasle batek horrelako softwarea hobesten duen bakoitzean, ikasle bat horrelako software pribatiboarekin hazi eta hezi egiten den bakoitzean, bizarreko bilo bat zuriz koloreztatzen zaio Richard Stallman gizajoari.

Azken urteotan, hainbat ikastetxe publiko eta itunpekotan Chromebook horiek jarri dituzte ikasleen eskuetan, Interneteko leihoak zabaltzeko. Hain onak dira Chromebook horiek Google enpresakoek lortu dutela ikastetxe pribatu eta publiko askok komertzial lanak egitea, publizitatea egitetik harago ikastetxeak salmenta toki bihurtu dituzte. Ikastetxe publiko eta itunpeko askotan, Chromebookak estandar bihurtu dira urte gutxitan. Gehienbat Chromebookek ikastetxeetako IKT arduradunei lan handia aurrezteko aukera ematen dietelako. Familiek gailuak erosi, Google lizentziak erosi, eta enpresa saltzaileek ikastetxearen domeinuari lotuta, tuneatuta, banatzen dituzte trepetak. Baina Chromebook horietan, gero, ezin da software librerik instalatu. Ezin da ezer instalatu. Ezin da ezer deskargatu eta gorde… Aplikazio guztiak, lan guztiak, fitxategi guztiak lainoan, hodeian, gordeko dira, modu automatikoan gainera. (IKT arduradunen lasaitasunerako, baina konpetentzia digitalaren kaltean, guk uste).

ChromeOS sistema eragilea gaztelaniaz, ingelesez, frantsesez, alemanez… erabiltzea duzu. Euskaraz ez. Badaude sistema eragileak euskaraz (Linux, Windows adabakidunak), baina ChromeOS, oraingoz, ez da horietako bat. ChromeOS ez dago euskaraz. Pena. Euskararentzat erreferente bat gutxiago. (Hala ere, espero dezagun ikasleek ez pentsatzea euskarak ez duela informatika kontuetarako balio).

Sistema eragilea erdaraz, hasteko, eta gero, Interneten sartzeko, nabigatzaile bat behar da. Chrome nabigatzailea, ChromeOS sistemak dakarren nabigatzaile bakarra, erdaraz besterik ezin da erabili. Pena. Euskararentzat erreferente bat gutxiago.

Gainera, alde batetik, susmoak daude Google enpresak erabiltzaileen klik guztien big data bezala prozesatzen dituztela, enpresaren negozioa eraginkorragoa lortzeko, eta bestetik, Chrome nabigatzailearekin Interneten sartu, eta sistemak gaztelaniaz nabigatzen ari zarela salatuko du, nahi eta nahi ez. Big data horietan euskaldun gutxi dagoela antzeman egingo da, edota, aukeran, euskaldunek gaztelaniaz nabigatzen dutela. Hemen, Chrome nabigatzailearekin, ezin da, Firefoxekin bezala, ‘Lehen hitza euskaraz‘ bezalako gehigarri eraginkorrik erabili, nik dakidala. (Eta nik ez badakit, ez dut uste Chromebookak tuneatzen duten enpresakoek jakingo dutenik). ChromeOS sistema eragilean ezin da euskaraz dagoen nabigatzailerik instalatu, ezin dira euskararako erabilgarri diren nabigatzaile-gehigarri batzuk gehitu… Beraz, online aplikazioak erabiltzera behartzen baditugu ikasleak, beren pribatutasunaren kalterako eta euskararen kalterako.

Pena. Euskararentzat erreferente gutxiago. Izan ere, online aplikazio horiek, Ikastolen Elkarteak, -eta atzetik Euskaltzaindiak- sustatzen dituen horietako asko, erdaraz besterik ezin dira erabili.

Euskaltzaindiak eskaini berri duen proposamen didaktikoan, webgunean ‘Baliabideak‘ aipatzen direnean online aplikazioak erakusten dira, EHIkastolak aurretik egindako proposamenei jarraiki. Izurrite bihurtu diren Chromebook horiek besterik ezin direnean erabili ikasgeletan, online aplikazio erdaldunak erabili beharko, ezinbestean. Pena.

Gure ustez, online aplikazio horien aurretik, bai Ikastola Elkarteak, bai Euskaltzaindiak, software librea hobetsi beharko lukete. Euskara zaintzeko eta konpetentzia digitalak zaintzeko, besteak beste.

Software librerik erabilgarriena euskaratu egin da, dagoeneko, urte luzeetan, boluntario askoren ekarpenekin, Librezale.eus taldearen inguruan-eta. Softwarea, librea denean, euskarara lokalizatu daiteke beti, hizkuntza-paketea itzultzeko baimena aldez aurretik emana dago, -software librearen ezaugarrietako bat da hori-, eta euskarazko hizkuntza-lokalizazioa egiten ausartzen den edozein boluntariok egin dezake. Euskaraz ondo baldin badaki bai behintzat.

Software librea boluntario askok euskarara ekartzen orduak eman dituzte, 2003. urtetik hona, baina boluntarioen lana izanik ere, gehienetan, euskara oso txukunean topa daitezke euskarara ekarri diren aplikazioak. Eta euskarazko hizkuntza-lokalizazioren batean akatsik sumatuz gero, zuzenketak onartzen dira.

2 responses to “Konpetentzia digitala eta EHIkastolak

  1. Software librean eta euskalgintzan ikastolak erreferentea izan ziren garai batean.

  2. Badakit gaur egun ere Ikastolen Elkarteko jende asko kontu honekin oso arduratuta dagoela. Google enpresa sukalderaino sartu da eta ez da erraza izango egoerari buelta ematea.

Utzi iruzkina