Tag Archives: Ning

Pellak

“Itsaso, amama zain daukagu eta frituak pestatu ditu. Ezetz asmatu zer gehiagorik?

Pellak?

Bai maitea, gaur pellak dauzkazu postrerako.

Biba!

Esan agur lagunei.

Gure herrian esnezko tostadei esaten diegu “pellak”, gaztelaniazko “leche frita”. Mar eta Paulo ere ohituta daude jaten, haien amamak prestatzen dizkielako Itsasori bereak bezala.

Lapikotik platerera botatzerakoan pellen ore arrastoak itsatsirik gelditzen dira ontzien ertzean. Hondar hauek atzamarrez batu eta mingainarekin zurrupatzea plazer une betea izaten da umeentzat.
Despedida modura senar-emazteei bota diet: nik jango dut masa!

Fermin Etxegoien, Autokarabana. Pamiela. 2009;  (188. or)

Esne tostadak

Osagaiak:

  • 3 gorringo
  • 100 g. azukre
  • 100 g. irin
  • 3/4 l. esne
  • Limoi erdi baten azala
  • Kanela adaska bat
  • Kanela hautsa
  • Olioa

    Esne tostadak, pellak (via Wikimedia Commons)

Nola egin:

Irabiatu ondo hiru arrautzen gorringoa. Gehitu azukrea, irina eta kikara bat esne hotz, pixkanaka-pixkanaka gaineratu, ore fin eta urtsua lortu arte.

Ondoren, isuri gainera kanela adaska pare batekin eta limoiaren azalarekin egositako esnea. Ondo nahastu.

Jar ezazu dena irakiten, irabiatu, ezer ez geratzeko itsatsita.

Oreak behar duen gorputza duenean, irauli irakitan izan duguna, gurinaz igurtzitako erretilu lau batean eta hozten utzi.

Ondo hoztuta dagoenean gogortu egingo da. Laukitxo formak hautatzen dira normalean gogortutako orea mozterakoan. Pasatu irinetik eta arrautzatik eta frijitu olio bero-beroan.

Bi aldeetatik frijitu eta gero azukrea eta kanela hautsa botatzen da gainetik. Nahastu aparte azukrea eta kanela, eta nahasketarekin pellak bukatuta.

Astiro jan eta on egin!

Angel Erroren Top 5 edo 2009ko libururik onenak

Gaur Angel Errori asteazkenero Euskadi Irratian goizeko irratsaioan egiten dioten elkarrizketa entzuteko aukera izan dut. Kontua zen ea zeintzuk  izan ote diren aurtengo libururik onenak.

Angel Errok bere kritika sariak oparitu ditu beste batzuetan Jon Kortazarrek egin izan duen legez.

Kontua prestatu barik zeramala aitortu du apal-apal eta bere lehen sarietako bat azken momentuan bururatu zaiola esan du azkenean eta irakurri gabe zeukala adierazi du… Antzerki hutsa Angel Erroren erroreak?

Antzerkia izan bada nahiko ondo egin du. (Bere lagunen bat ez haserretzeko edo gehiegi ez haserretzeko, hori eta gehiago egin behar!).

Atzekoz aurrera eman du zerrenda eta aurkezleari eta soinu-teknikariari ez die nahi beste danbor-erredoble jartzen utzi.

Hona Angel Erroren 2009ko kritika sariak:

Bosgarrena, baina ez besteak baino gutxiago, (bostak ausaz kokatu dituela argitu du hasi baino lehen):

5. Jurgi KINTANA, 2009,  Urre urdinaren lurrina. Pamiela.

Izenburu dotore eta poetikoa Angelek ez omen zuen buruz ondo gogoratzen…

Entsegua. Euskal literaturaren historiarekin interesa dugunontzat liburu erakargarria. Ondo idatzia, laburra… Edozein zerrendatan aipatzeko modukoa. [Iban Zalduak ere Gasteizko Irakurle Klubean irakurtzeko hautatu du, eta bide batez gure klasikoetako bat berrirakurtzeko eskatu digu, Etxeberri medikua].

4. Aingeru EPALTZA, 2009, Izan banintzen Nafarroako errege, Elkar.

Nobela historikoa, Nafarroako erresumako azken boladak,  trilogia baten zatia… Irakurterraza… Angelek bapo goraipatu du bere herkidea.

Irakurri beharko…

3. Hedoi ETXARTE & Alain M. URRUTIA. 2009. Ihes ederra. Alberdania.

Beste herkide, gidoigilea, goraipaturik. Errespetu osoz, nobela grafikoari komiki estatusa eman dio Angelek eta nazioartean gailurrean kokatu du produktua. Guri, protagonista baten bloga gustatzen zaigu, eta produktua bera ere bai.

2. Mikel PERUARENA, 2009, Ez obeditu inori, Susa. Elkarrizketa hau egin zioten Ereñoztarrari Gasteizko Hala Bedi Irratian. Bere lehen nobelarekin asmatu duela ematen du.

Lehen saria, azken unean liburu on bat gogoratu, eta bi idazlanei ex aequo banatu du Angelek:

1b. Fermin Etxegoien, 2009,  Autokarabana. Pamiela.

Honek ere bere lehen nobelarekin asmatu duela ematen du.  Angel Errok entzun dituen erreferentziengatik, irakurri baino lehenago saritu du. Geuk ere irakurtzeko asmoa.

1a. Joseba Gabilondo. 2009, Apokalipsia guztioi erakutsita. Erein.

Narrazio laburren bilduma, 8 istorioko bilduma honek ere aurten arrakasta handia izan du. Iban Zalduaren ikasturte honetako  Gasteizko Irakurle Kluberako hautatua hau ere. Saren zortzi istorio horietarik lau daudela irakurri diogu Mikel Ayerberi eta oraintxe hasiko gara bila.

Angel Erro

Angel Erro eta nire ikasleentzako galdera. Nor da beste idazlea? (Eta bide batez, nor da Angel Erro?)

2009ko liburu batzuk

111Akademiak, azken urteotan, urteko liburuen zerrenda bat osatu izan du eta akademiakideen iruzkinak batzeko ahaleginak egin ditu.

Jatorriz euskaraz idatzitako liburuen zerrenda da. Itzulpenak zerrendatik kanpo geratzen dira.

Ez dira zerrenda horretan urte horretan argitaraturiko liburu guztiak agertzen eta, behin edo behin, berrargitalpenen bat ere agertzen da.

Urtero, kritikari anonimoek urteko libururik gustukoena aukeratzen dute  eta Beterriko Liburua saria ematen diote.

Akademiakide izateko gonbitea hortxe.

111 Akademia

Egunkaria libre!

Literatura Unibertsala Bilduma: Entzungaiak

Euskaraz egiten den literaturarik onenari buruz zerbait entzun nahi baduzue, klikatu beheko irudian 😉

HTB proiekturako beste ekarpen bat

Uda honetan Deming, Lyard eta Saratxagaren liburuak irakurri nituen (eta Saratxagari buruzko zahar hura ere bai).  Bideo honetan defendatzen den ideia indartzeko moduko argudioak eta adibideak topatu nituen.

Nota onak baldin badira ikasleen “soldata”, bideoan erakutsi nahi dutenarekin paralelismorik ondoriozta liteke?

Euskadi Literatur Saria 2009 Xabier Leterentzat

Ez nuen nire kiniela asmatu.

Aurtengoan poeta batek eramango zuela esatearekin bai, asmatu egin nuen baina bi poeten artean apustu askoz seguruagoa Xabier Lete zirudien arren nire txanponak Garderen alde egin zuen.

Datorren urtean txanpona utzi eta kristalezko bola bat lortu beharko.

Merezi zenuen,  Xabier Lete! Ea poz txikitxoren bat behintzat ekartzen dizun!

[Gaur Arantxa Iturbek gidaturiko irratsaio hura entzun dut. Merezi duela uste dut]

…Gizonen lana jakintza dugu

ezagutuz aldatzea…

Xabier LETE

Irakurtzen jarraitu

Liburu berria kafea hartu bitartean

Batzuk paperezko liburuak hemendik urte gutxitara desagertuko direla uste dute. Beste batzuk, ordea, etorkizunean gehiago egongo direla eta eskuragarriagoak, merkeagoak. Berrehun ale baino gutxiagoko edizioak posibleak izango dira. Katalogoan askoz liburu gehiago sartu ahal izango…

Zuk zer uste duzu?

Kafe expresso bat hartu bitartean hautatutako liburua prest. Zuri-beltzean edo koloretan…

Interneten egongo diren milioika e-liburu patrikako telefonoaz irakurri ahal izango ditugu?

Euskaraz egiten den literaturarik onena

Iban Zaldua. Iñigo Azkonak  ARGIA aldizkarian.

Iban Zaldua. Iñigo Azkonak. ARGIA.

Angel Errok dioen bezala, ziurrenik euskaraz argitaratzen ari den literaturarik onena itzulpenetan daukagu, eta erraza da ondorioztatzea zergatik: kontsumo literatura gutxi itzultzen denez, Literaturaren Historiak testatutako liburuak itzultzen dira gurean, batik bat, eta hobeak dira, ondorioz, edozein euskal liburu garaikide baino. Eta, halere, ez ditugu irakurtzen, ez diegu kasurik egiten apenas. Dezente deprimitzen nau horrek.

Iban Zaldua. Argia. 2009/VII/26

Literatur Itzulpenen Katalogoa

Literatura Eskolaren 09/10 egitaraua

Literatura Eskolaren 09/10 egitaraua

Larrabetzun sortu zen Literatura Eskola 2004ko urrian eta aurten, seigarrenez, egingo diren ekitaldien egitaraua iragarri dute.
Joseba Sarrionandiaren saiakera eta narratiba,
Piarres Larzabalen teatroa,
Jose Saramagoren nobela,
Jose Luis Otamendiren poesia eta
Allande Oihenart aztertuko dituzte, besteak beste. Urriaren 24an (larunbata) abiatuko da Literatura Eskola, lehenengo saioa Larrabetzun eta hilero, bigarren larunbatez, lau orduko saioak egingo dituzte
Iñigo Aranbarrik (Larrabetzun),
Ixabel Etxeberriak (Baionan),
Harkaitz Canok (Donostian),
Patxi Zubizarretak (Gasteizen),
Imanol eta Jon Ubeda anaiek (Bilbon),
Xabier Mendigurenek (Durangon),
Itxaro Bordak (Oreretan) eta
Jon Alonsok (Iruñean).

Liburuekin ez gara izutuko, gu handiagoak gara!

Liburuekin ez gara izutuko, gu handiagoak gara!