Wikipedia erabiliz jolas bat

Wikipedian hainbat testu tipo topa daitezke: azalpen testuak, biografiak, filmen sinopsiak… Erabiltzen diren gaiak ere ez dira gutxi: zientziak, teknologia, matematika, historia, filosofia, geografia, zinema, literatura…

Wikipediako artikuluak astiro-astiro irakur daitezke, arreta osoz, edo oso gainetik, azaletik, azkar-azkar, informazio jakin baten bila besterik gabe… Azkeneko irakurketa mota horri skimming & scanning deitzen zaio ingelesez.

Azken honi euskaraz azkar irakurtzea edo eskaneatzea esaten diogu. Begiak azkar-azkar igarotzen dira testuen gainetik, zerbaiten bila, baina ikusten dituzten hitz gehienak deskodifikatu gabe.

Gure jolas honetan horixe egingo dugu. Wikipedian informazioa bilatu, artikulutik artikulura ibiliko gara, baina artikuluak sakon aztertu eta irakurri gabe.

  • Ikasleak taldeka kokatuko ditugu.

    Sestaoko ikasle batzuk bertoko KZgunean, ordenagailuak partekatzen. Ikasteko eta, batez ere, jolasteko prest. (Argazkigilea: Iñaki LL. via Wikimedia Commons)

Erronka izango da artikulu batetik beste artikulu batera dagoen bidea, esteken bidez, bilatzea.

  • Denbora mugatua emango dugu. Euskarazko Wikipediarekin gutxienez hiruzpalau minutu behar izaten dira gai aldetik oso urruti dauden artikuluak esteken bidez lotzeko. Ingelesezko Wikipedian denbora gutxiago beharko da, artikuluetan esteka gehiago daudelako.

Bi erronka mota:

  • ea nork, zein taldek, lotuko dituen lehenago bi artikulu, hau da, ea nork lotuko dituen bi artikuluak esteken bidez denbora gutxiago erabiliz. Ea zein taldek burutzen duen azkarrago, denbora gutxiago erabiliz, abiapuntutik helmugarainoko bidea.
  • ea nork, zein taldek, behar izan dituen urrats gutxiago, klik gutxiago, artikulu batetik bestera iristeko. Ea nork, (zein taldek, denbora jakin batean, aurkitzen duen abiapuntutik helmugarainoko biderik laburrena.

Adibidea:

Ea nork lotzen dituen azkarrago eta esteka gutxiago erabiliz bi artikulu hauek:

Bukaeran denbora neurtzeaz gain nabigatzailearen historia-orria erakutsi beharko da ea zenbat klik egin diren.

  • Kronometroak martxan!

Nik neuk esperimentua egin eta hauxe izan da ene ibilbidea: Shakespeare > Cervantes > Palermo > Sizilia > Sumendi.

(Ez dut esango zenbat minutu eta zenbat segundo behar izan ditudan ibilbidetxoa egiteko. Ez dut ene burua barregarri utzi nahi 😉 )

Irakurketa azkarra

Jolas honetan informazioa bilatzen eta irakurketa azkarra eta azalekoa egiten trebatu egiten gara. Norberak dauzkan ezagupenek asko laguntzen dute. Etengabe dakizuna eta imajinatzen duzuna jartzen duzu jokoan. Intuizioa esaten diote batzuek.

Nik uste nuen Shakespeare artikuluan aipatzen ziren lekuetan sumendirik ez dagoela. Artikuluan Cervantes ikusi eta agian sumendiak dituen lekuak aipatuko zirelakoan, hortxe klik egin. Intuizioz. Cervantesen artikuluan Palermo ikusi eta Italiako hegoaldean sumendirik badagoela jakin… Palermo artikuluan bertan klik egin, hortxe Sizilia aipatu, bertan klik eta Sizilian sumendi hitza urdinez, bai horixe! Eureka!

Bide laburragorik topatuko? (Blogaren erantzunetan uztea duzu 😉

 

2 responses to “Wikipedia erabiliz jolas bat

  1. Eskerrik asko jolasaren berri emateagatik! Beste pare bat bidexka Shakespeare eta Sumendi lotzeko:

    Shakespeare > Izurri beltza > Uharte > Sumendi
    Shakespeare > Ingeles > Vanuatu > Sumendi

Utzi iruzkina